Hizkuntza politiketan jauziak egitea eskatu du EHEk Baionan
Maulen, Donapaleun eta Baionan, elkarretaratzeak egin zituen atzo Euskal Herrian Euskaraz-ek, hizkuntza politiketan «euskararen alde jauziak egin» eta haren erabilera lehenestea eskatzeko.

Maulen, Donapaleun eta Baionan elkarretaratzeak egin zituen atzo Euskal Herrian Euskaraz elkarteak (EHE), «erakunde sozial, kultural, ekonomiko eta politiko guziek hizkuntza politiketan euskararen alde jauziak egin ditzatela» eskatzeko. Baionan, Euskal Museoaren aurrera eraman zuten jai giroan eginiko protesta, euskara hainbat eremutan «bigarren mailako hizkuntza gisa» tratatzen dela aditzera emateko.
«Euskal Herrian, euskara hainbatetan ukatua da edo bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da, hots euskaldunak zapalduak gara», adierazi zuen EHEk ohar batean. Hizkuntzak duen egoera horren ondorioz, kalean erabilera jada apaldu dela eta etorkizunean «apaltzen segituko» duela ohartarazi zuen, «hizkuntza politiketan jauziak egin» ezean. Horregatik, euskararen erabilera lehenestea eskatu zuen EHEk, eta eskaria «erakunde sozial, kultural, ekonomiko eta politiko guztiei» luzatu zien.
BIGARREN MENDERA BEGIRAKO ESKARIA
Ehun urte betetzen duen Baionako Euskal Museoaren funtzionamendua jarri zuten adibide gisa. «Euskal kultura ezagutaraztea helburu duen» museo horretan bertan, euskarari beste hainbat erakundetan baino toki gehiago ematen bazaio ere, «euskara oraindik bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua dela ikustea oso mingarria zaigu», adierazi zuten.
«Museoak publikoari zuzendutako idazkietan euskara erabiltzen du, bai, baina kasik beti lehenik frantsesa erabiltzen du, eta frantsesez dagoena euskaraz dagoena baino handiago idatziz usu», azaldu zuten. «Euskal Museoaren logoak ongi erakusten du hori: lehenik eta handiz, ‘Musee Basque’; bigarrenik eta txikiz, ‘Euskal Museoa’», gaineratu zuten.
Joan den ekainean museoko arduradunekin batzartu ziren EHEko kideak eta kultur azpiegitura horren bigarren mendean «lehentasunez euskaraz aritzea» eskatu zieten. Erantzuna irailean emango dutela zehaztu zuen EHEk.
Gaineratu zuen, bestalde, «ondoko urteetan Euskal Museoak Maulen eta Donapaleun adarrak irekiko dituenez, eta Baionako erakustokia handituko duenez, euskararen aldeko hizkuntza politikan jauziak egiteko parada ezin hobea» duela.
Euskarari eman beharreko presentziari dagokionez, gogoratu zuen Estatu frantsesak berak hizkuntzaren alde urratsak egiteko parada izan zuela ekainaren 26ko Euskararen Erakunde Publikoaren biltzar nagusiarekin bat eginez, «baina aurkakoa» egin zuela. «Atzera egin zuen, EEPri diru ekarpen oso-oso eskasa eginez, euskara zapaltzen segitzen duela agerian utziz».
Larunbatean bertan, euskarak bizi duen egoera larriaz ohartarazi zuten hainbat eragilek, EAEko udal legearen aurka espainiar Auzitegi Gorenak emandako azken epaia salatzeko mobilizazioetan. Martin Aramendi UEMAko lehendakari eta Ataungo alkateak adierazi zuen «euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan» dutela. Gogoratu zuen Hizkuntza Gutxituen Sareak larrialdi linguistikoan kokatu duela euskara, eta azaldu zuen hizkuntzak ez direla «galtzerdiak bezala galtzen».
«Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu eta baztertu egin dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere», hori baita, UEMAko kideek azaldu zutenez, gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
