GARA
ASTITZ

Mendukiloko leizeak bi hamarkada bete ditu jendeari zabalik

Astitzen dagoen Mendukiloko leizea 400.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute jendearentzat zabalik egon den 20 urteetan. Urteurrena ospatzen dabiltza egunotan.

Mendukiloko leizera egindako bisita baten irudia.
Mendukiloko leizera egindako bisita baten irudia. (Iñigo URIZ | FOKU)

Mendukiloko leizea Astitzen dago, Aralarren. 2005eko ekainetik bisitatzeko egokituta eta irekita dago, duela 20 urtetik. Ordutik 400.000 pertsona baino gehiago «murgildu dira leize honen sakoneretan, lur azpi harrigarri bat ezagutuz».

Urteurrena eta «lurraldean sustraitutako eta jasangarria den proiektu kolektiboa» ospatzeko bisita gidatua eskaini zuten atzo, euskaraz. Doakoa izan zen Lekunberrin erroldatuta daudenentzat, eta 11.00etan eta 13.00ean egin ziren espainierazko bisitek %50eko deskontua izan zuten.

Leizea kudeatzen dutenek nabarmendu zutenez, «hasieratik Mendukiloko leizean ingurumenarekiko errespetua, ingurumen sentsibilizazioa eta jakintza zientifikoaren eta kulturalaren zabalkundea daude». Gaineratu zutenez, «esperientzia eraldatzaileak sustatzen ditugu, hausnarketarako, jakin-minerako eta ondare naturalaren zaintzarako gonbita eginez».

Gogorarazi zuten, horrekin batera, Mendukilok ez zuela bere historia duela 20 urte hasi, artzainen aterpe eta biltegi natural modura erabili izan delako. XX. mendearen amaieran espeleologoak aztertzen hasi ziren, «honen aberastasun geologikoa eta hezkuntza potentziala agerian utziz».

Bisitak antolatzeaz gain, hainbat ekitaldiren eszenatokia ere izan da Mendukilo. Esate baterako, abesbatzen kontzertuak, liburu aurkezpenak, antzezpenak, esperientziazko bisitak geologo, biologo, artista eta beste profesional batzuekin, eta beste zenbait izan dira leize honek bere barnean hartu dituen ekitaldiak. «Horrela, lurra ikusi eta entzuteko modu berriak zabaltzen dituen espazio bizia eta moldakorra bihurtu da» Mendukilo, atzo adierazi bezala.

Leizearen kudeaketa bertako erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da. Larraungo Udalaren, Lekunberriko Udalaren, Plazaolako Turismo Partzuergoaren eta Astizko Kontzejuaren artekoa, hain zuzen.