Patxadaz eta presarik gabe gozatzekoa

Wong Kar-Wai-k zuzendu dituen “In the Mood for Love” eta “2046” egile zinema garaikideko film garrantzitsuenetako bi dira. Orain, “Blossoms Shanghai” telesailak amaiera eman dio bi film horiekin abiatutako trilogiari.
1960ko hamarkadatik XXI. mendearen atarira garamatza pelikulak, eta Ah Bao-ren bizitzaren bidez Shanghai hiriaren bilakaera islatzen du kontakizunak. Amodioa, nostalgia, boterea eta galera ardatz dituen esperientzia bisual eta sentsoriala da.
Bere estiloari leial, Wong Kar-Waik irudiak emozio bilakatzen dituen obra biziki estetikoa eraiki du. Plano bakoitza arretaz ehunduta dago, pintura baten modura: neonezko argiek dirdira amesgarria sortzen dute, itzal leunek isilpeko drama iradokitzen dute, kristal lausotuek eta pertsonaien islek denboraren eta distantziaren zentzua desitxuratzen dute. Kolorea da filmaren hizkuntza nagusia.
Hasieratik ulertu behar da honako hau ez dela telesail konbentzional bat: malenkoniaz tindatutako bidaia bisual bat proposatzen du, patxadaz gozatzekoa. Lehen atalak erritmo geldo eta estilo berezi batez josten dira, eta ez da erraza haien tonura egokitzea. Baina, behin barrura sartuta, zentzumenei heltzen dien eta hipnosira eramaten duen obra bihurtuko da.
Telesail estatubatuar gehienen egitura zuzen eta erritmo bizkorretik urrun, “Blossoms Shanghai”-k bere nortasun propioa darama: uneak patxadaz ehuntzen ditu, sentsazioak poliki eraikitzen, pertsonaiak geruzaz geruza garatzen eta testuinguru soziokulturalaren marrazki xehea josten du.
55 minutuko 30 atal ditu, eta lehenengo hamabostak ekain eta uztail bitartean estreinatu dituzte; astero bost atal berri Filminen.

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra
