Elordi txalotu nahi zuten Ermuan, baina Altuna eta Imaz txalotzen amaitu dute
Caixabank Masterseko bigarren puntua eskuratu zuten Altunak eta Imazek, Elordi eta Albisuren aurka une oro aurretik ibili eta gero. Neurketa 12-9raino berdinduta joan zen, baina bikote urdinak azkenean asko sufritu zuen tantoak amaitzeko orduan.

Ermuko Aritzmendi pilotalekuan zaleak desiratzen ziren Aitor Elordi Mallabiko semeari txaloak jotzeko. Azken batean, Ermutik Mallabira oinez ere ordu erdian iritsi liteke. Alabaina, aurrelari bizkaitarrak ahalegina jarri bazuen ere, lau tanto baino ezin izan zituen amaitu. Aldiz, Jokin Altunak ezarritako musikaren doinuan dantzatzea egokitu zitzaion Elordiri, eta Aritzmendi pilotalekua goraino bete zuten zaleek, besterik ezean, amezketarrari eta Ander Imazi gustura asko jo zizkieten txaloak, txalotzeko moduko partida eginda irabazi baitzuten.
«Baliteke nik tanto asko amaitzea, baina garrantzitsuena puntua eta sentsazioak berreskuratzea ziren. Aurreneko jardunaldian ere irabazi genuen, baina hobeto jokatzea bagenuela sinetsita atera ginen Ander -Imaz- eta biok, eta nik uste, honako honetan askoz partida osoagoa jokatu dugula», iritzi zion Jokin Altunak partida amaitutakoan.
Caixabank Masterseko bi partida jokatu eta biak irabazita, beren multzoko liderrak dira Altuna eta Imaz, eta are gehiago atzoko neurketan atera zuten aldearekin. Aurreneko tantoan nahi gabe Altunak traba egin zion Elordiri, eta hargatik errepikatu egin behar izan zen lehenengo tanto hori, baina ordutik aurrera bikote gorriak markagailuko ekimena eraman zuen beti, eta, gainera, 12-9koaz gero neurketa hautsi egin zuten.
Hasteko 4-0 aurreratu ziren Altuna eta Imaz, aurrelariak segidan lau tanto amaitu eta gero. Bada, alde hori izan zen neurketa bere azken hereneraino gidatu zuena. Albisuk galantak eman zizkion, eskuinez batik bat, eta Aritzmendi frontoian atzeko koadroetatik aurrelariari errematea kentzea lan nahiko txarra da beti, baina Imazek, batetik, oso sendo erantzun zien ataundarraren kanoikadei eta, bestetik, Elordik, zaleen bultzada handia izanagatik ere, ez zuen zulorik aurkitu. Eskuinez, airez bi hormako jokaldiarekin egin zuen Mallabiko semeak bere aurreneko tantoa, eta ordurako markagailua 8-5 zen gorrien alde. Nolanahi, Aritzmendiko harmailetan zeunden zaleek partida irabazteko tanto erabakigarria izan balitz bezala ospatu zuten Elordiren bi hormako hori.
6-0-KO PARTZIALA
Albisuren lanak eta Elordiren ekinak Altunak eta Imazek tarteka hutsegiteren bat egitea lortu zuten, baina tantoa sartzea ikaragarri kostatzen zitzaien, aurrelari bizkaitarrari bereziki. Dena den, 12-9raino partida ekarrita, irabazteko aukerak hor izan zituzten oraindik, gorriek 6-0ko partziala erdietsi zuten arte.
«Albisu ikaragarri jokatzen ari zen, baina aurrera eta atzera korrika asko egiten ari zela iruditu zait, eta nik uste, partidaren bigarren zati horretan nekatu egin dela», esan zuen Altunak. Baliteke, baina zela Albisuren nekeagatik, zela Amezketakoaren magiagatik, gorriek 18-9koan arnasa hartu ahal izan zuten, partida behin betiko hautsi baitzuten.
Paradoxa den arren, neurketa hautsi zelarik iritsi ziren Elordiren tantorik eta errematerik onenak, azken orduan urdinek aukeratu zuten pilota berri bizi baten eraginari esker. Sakea luze atera eta errematean ere gehiago arriskatu zuen Mallabikoak. Zaleak zutik jarri zituen bizkaitarrak, baina 18-12raino bakarrik iraun zuen erreakzioak.
Hurrengo tantoa hankapean erabili zuten urdinek, baina Altunak eta Imazen pilota zail askoak bata bestearen atzetik eraman eta gero, nekearen poderioz zabalera moztutako pilota kontrakantxara joan zitzaion Albisuri, eta handik 22ra zuzenean joan ahal izan zuten Altunak eta Imazek. Eta, noski, Aritzmendira hurbildu ziren zaleek, Palestinako bandera aldean zutela kasu batzuetan, urdinei txaloak jotzeko gogoz joan baziren ere, azkenean gorriei jo zizkieten ondo merezitako txalo horiek guztiak.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
