Iker GURRUTXAGA

Bukaera indartsua hatortxuko gauei

Hatortxu Rock izenarekin bataiatu zen gerora estilo aniztasun oso nabaria izan duen elkartasun jaialdia. Nolanahi dela, atzo rocka izan zen protagonista. Egiari zor, Mirua, Bengo, Las Ninyas del corro edota Sünek kolorea jarri zioten arropa beltzezko munduari, baina dezibelen eta distortsioen eztanda nagusi izan zen Beriain gunean.

Musikariek dena eman zuten eszenatokian.
Musikariek dena eman zuten eszenatokian. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Elektrotxaranga bat entzun zitekeen urrunetik Beriain gunerako bidean, Dover taldearen ‘‘Let me out’’ jotzen. Eta bukatzeko ‘‘Corazon de tango’’ kantuaren Zea Mays taldearen bertsioarekin hasi ziren Elektropikalako kideak.. Elektrotxarangen topaketa bat zen, irudi potentea eskaintzen zuten denak elkarren ondoan jarrita eta dantzan zegoen jendez inguratuta ikustean. Txandan-txandan aritu dira denak, eta Skakeitan taldearen ‘‘Orekariak’’ entzuten joan gara Kantinara. Kafea hartu beharra zegoen azken txanparen aurretik.

Bi minutu aurreratu zuen hasiera ordua Dinamita Larragako punk taldeak, Hator Hator oholtzan. Miruakoak urduri zeuden kamerinoetan, baina gogotsu. Badakite jaialdi bat hastea zer den. A cappela ekin zioten emanaldiari, hiru ahotsetara. Bonboak soinera eta ‘‘Mugaz gaindi’’ saioa hasteko.

Karpa jendez betetzen ari zen, kontzertuak aurrera egin ahala. Arazo tekniko txiki bat izan zuten kablerik gabeko sistemarekin, eta etxeko salan baleude bezala hizketan hasi ziren Zeberio neba-arrebak, bertaratuak ere hala sentiaraziz, etxean, Miruenean.

Kantuz kantu beren gaitasunak erakusten joan ziren, disko berrirako egin duten lan handiari balioa emanez. Jendeari aurreratzeko eskatu zien Mattinek, teknikarien atzetik zirenei aurreko aldean tokia egiteko eskatuz. Orduan, 2023ko ‘‘Goiz hiltzen dira ametsak’’ kantu dantzagarria etorri zen, Malakiasek esku hartu zuen abestia. Jendea saltoka, buruak eta gorputzak astintzen. Zapata aldaketa egitea egokitu zitzaion unean, Leturiak Kanadatik ekarri zituela kontatu zuen Mattinek, eta hor hasi ziren ‘‘Zazpiak bat’’ jotzen, publikoarekin batera abestuz, batzuk porrusalda dantzatzen ari ziren bitartean. Une polita, abesti honek sortzen duena.

Azken txanparen hasiera zen hori, erdi fusioko abesti bat, Mattinek gitarra hartu eta beste tempo lasaiko bat. Hatortxuko kantan parte hartzea oso berezia zela kontatu ziguten. ‘‘Bi t’erdi’’ zuzenean entzun gabe geratu ginen, ordea. Xanet Egiguren gonbidatu zuten oholtzara. Bertso bat abestu zuen Zeberioren kuadrillakoak, Palestinari, txandalariei, euskal presoei, Euskal Herriagatik bizitza eman dutenei eta astean zehar lanean egon ostean Hatortxura hurbildu direnei eskainia. «Dena kontatuko diot nire ondorengoari», bukatu du bertsoa: oso garrantzitsua, hurrengo belaunaldiei historiaren zati hau ere transmititzea.

Kontzertua bukatzeko ‘‘Salda badago’’ eskaini zuten, eta pozez lehertu zen karpa. «Onddotan bezala, txarra den lekuan ona ere bada»; hori lortzen du Hatortxuk, txarrenari onena ateratzea. Kalejira erraldoia sortuta eta denak elkar hartuta, festari hasiera itzela eman zioten Miruakoek.

BEHARREZKO OIHU FEMINISTA

Ennio Morricone handiaren ‘‘Rabia e Tarantella’’ kantua entzun zitekeen Etxera oholtzan karpatik irten orduko, eta «Non Servium Army» zioen olana erraldoi bat ikusten zen oholtzan alderik alde. Eta armada bat zuten oholtza azpian, jendetza izugarria lehen orduak izateko. Jakina zen zaletu asko dituztela eta Euskal Herrira etortzen direnero biltzen duela fandome hori biltzea Mostolesko taldeak. Abiadura handiko punka eskaini zuten, kaskamotzen mugimenduan maite dutena, eta ‘‘Bendita locura’’ kantuarekin ekin zioten emanaldiari, ‘‘Civilizacion’’ zapaltzaileen aurkako ereserkiarekin jarraituz.

Hala ere, oholtzaz aldatu ginen. Las Ninyas del Corro Sant Adria de Besoseko rapeatzaileak entzutera joan ginen, Hip-hopa, bi emakume indartsuren eskutik: Felinna Vallejo eta Laüra Bonsai. ‘‘Jumanji’’ abestiarekin ari ziren. «Si ya sonamos así sin vuestros medios, imagina cuando los tengamos» esaten ari ziren abestian, emakumeek industrian paraitzen dutenari kritika zuzena. ‘‘Nasty girl’’ abestiarekin egurra banatu eta sentsualitatea landu zituzten segidan, nahasketa interesgarria lortuz. Batek besteari Beyonce deitu zion eta Lia Kaliren alde oihu egiteko eskatu zuten ‘‘Salsa salsa’’ abestean. «Con salsa se lucha mejor», entzun dugu Kaliren ahotsean bozgorailuetatik, nahiz eta bera bertan egon ez.

Oihu feminista hau beharrezkoa zen atzoko kartelarekin, arnasgune itzela eskaini baitzuten gizonezkoen taldez jositako egun batean. «Bartzelonako periferiakoak gara, dirurik ez dutenen tokikoa, beraz, ez gara enpresarien eta dirudunen alabak. Zuen inguruan halako emakumeak badituzue, babestu itzazue», aldarri egin zuten, berriz ere industriak emakumeei nola zigortzen dien salatzen duen ‘‘Sassy’’ kantutzarrean. Jarrera eta jarrera, indarra eta egurra.

AZKEN GAUA

Bukatzear da dena. Betagarri, Gatibu, Bizardunak, Banda Bassotti, Anestesia, Buitraker… Gaztaroko doinuak, zaharrenentzat. Bengo, Süne, Skabidean, Herdoil, Tribade… odol berria, gaurkoentzat. Denak bat eginda, Hatortxu bukatzen, bidean aurrera. Azkena etxean izan arte.