Ane URKIRI ANSOLA
ZIZURKIL
Elkarrizketa
Itxaso Erasun
Plazandreak txapelketako irabazlea

«Momentu oso onean nago; txisparekin sentitu nintzen finalean»

Itxaso Erasunek (Zizurkil, 1999) irabazi du Plazandreak txapelketako Lau eta Erdiko txapela, finalean Amaia Aldai bezalako espezialista bat menderatuta (18-9). Ezustekoa eman zuen gipuzkoarrak, baina, azken urteko bere ibilbidea ikusita, garaipen honek «sendotasuna» berresten duela dirudi. Atzelarien itzaleko izaera horrek distira egin zuen Bilbon.

(Jon URBE | FOKU)

Kantxan «disfrutatzen» ari da Itxaso Erasun. Duela bi urte Emakume Master Cup zirkuitura jauzia egin zuen, aurretik palan ibilbidea osaturik. Pilotalekuan hazi da, bai eta kirolari sena oso barneratua daukan etxe batean ere -aita segalaria izan zen, eta anaia, Jon, pilotaria-. Plazandreak txapelketa irabazi du, Lau eta Erdikoan, ezusteko itzela emanda. «Partida bat irabaztearekin kontent joango nintzateke, eta begira, azkenean, bueltan-bueltan, irabazteraino», dio irribarretsu.

Kaiolako txapelketa honetan distira egin du, baina bere «sendotasuna» ez da ezer berria. Iaz urte biribila egin zuen Binakakoan (txapelketa nagusia irabazi, Antiguoko txapelketa eta San Mateo torneoa ere bai), eta aurten, sanferminetan gailenduta eta Lau eta Erdikoan apustua eginda, bere sasoi ona berretsi du.

Gakoa izan zen presiorik gabe egotea?

Bai. Amaiak zeukan faboritoaren presioa, eta horrek mina egiten du. Gainera, telebista dagoenean tartean, ‘etxean’ jokatzen zuen, harmaila osoa bere alde zegoen... Berak erakusteko presio hori zeukan, eta ni, berriz, espektatibarik gabe joan nintzen, ahal nuen ondoen jokatzera. Nire burua oso lasai zegoen. Horrek niri mesede egin zidan.

Partida hasiera gogorra izan zen, baina gero segituan ireki zenituen aldeak. Nola bizi izan zenuen?

Partida hasi aurretik, pilotak probatzen aritu ginenean, ikusi nuen material oso bizia zegoela. Pentsatu nuen horrek agian kalte egin ahal zidala; pilotaleku eta pilota bizia, Amaia Aldaik daukan indarrarekin, partidatik aterako ninduelakoan nengoen. Eta justu kontrakoa gertatu zen.

Momentu oso onean aurkitzen naiz. Pilota eskutik ondo ateratzen zitzaidan, txisparekin sentitzen nintzen. aurreneko 5 tantoak oso gogorrak izan ziren; 4-5 gindoazela, 100 pilotakadatik gora pilatu genituen. Entrenamendu asko dago atzetik, eta oso ondo errekuperatu nuen. Berak ere errekuperatu zuen, nik irekitzen nituen pilotakada guztietara iristen baitzen. Partida oso fisikoa izan zen.

Errematatzerako orduan eroso sentitu zinen?

Bai, banekien partida soilik akats gutxi eginda irabaztea oso zaila izango zela; alegia, tantoak bukatu beharko nituela. Frontoiaren bizitasuna baliatuz, urrutiko jokaldiak egiten saiatu nintzen eta, egia esan, ondo atera zitzaizkidan [barreka].

Azken urtea oparoa izan da. Binakako txapelketa nagusia irabazi zenuen, baita Antiguo eta San Mateo torneoak ere. Aurten sanferminetan ere gailendu zara.

Atzelarion papera gehiago da eustea, seguru jokatzea, zuloak irekitzea, eta normalean protagonistak aurrelariak izaten dira. Lehengo urtea, egia esan, oso ona izan zen. Gipuzkoako txapelketa ere irabazi nuen, txapeldunordea Euskal Ligan... Hor daude merituak.

Publikoaren erantzuna ere areagotzen ari da. Finaletan pilotalekuak bete egiten dira.

Pixkana-pixkana gure maila ere igotzen ari da, jendea gerturatzen ari da. Finalerdi eta finalak izaten dira jende gehien pilatzen diren partidak. Gainontzekoetan senideak eta herriko batzuk gerturatzen dira. Oraindik ez daukagu nahikoa oihartzun. Ez da pilota profesionala, baina denborarekin materiala azkartzen joango da, gure maila ere igotzen joango da eta, horrekin batera, mutilen joko antzekora iristeko aukera izango dugu.

Azken urtean Euskal Pilota Federazioan sartzeko urratsa egin duzu Jose Mari Mitxelenaren lantaldean. Zerk bultzatuta?

Euskadiko Federazioan sartzearen gonbidapena Mitxelenak berak egin zidan, emakumeen pilota ordezkatzeko lantaldean pertsona bat behar zela-eta. Zalantza askorekin animatu nintzen, ze lau urteko konpromiso bat da, eta lan batzuk egin behar dira: berdintasunari begira, emakume pilotaren garapeneko alorrak... Pilotaria naiz eta nire lanak ditut, baina saiatzen naiz presente egoten eta arduraren bat nire gain eramaten.

Nazioen Liga eta Mundiala datoz. Ametsa izango zen Euskal Selekzioarekin jokatzea?

Lehenbiziko aldiz Lau eta Erdiko txapelketa egongo da Nazioen Ligan. Ez dakit beste herrialdeetatik zer maila etorriko den, emakumeen pilota ez dagoelako garatuta. Iruditzen zait Espainiakoa izango dela talde indartsua, horren barnean nafarrak egongo direlako. Hemen Euskal Selekzio lehiakor bat osatu da, egon da aurreaukeraketa, tartean nago. Berri ona da selekzioko dinamika horretan egotea.