Orio eta Arraun Lagunak-entzat bosgarren trapua Getxon
Mirotzek eta donostiarrek aise menderatu zuten Getxoko estropada eremua eta denboraldiko bosgarren bandera astindu zuten, batek lidergoa sendotzeko, besteak berreskuratzeko.

Hasieratik mahaian kolpea ematea, horixe izan zen bi eskifaia txapeldunen helburua atzo, Getxon, egon zitezkeen zalantzak uxatzeko. Oriok zein Arraun Lagunak-ek, hasi eta buka, menderatu egin zuten Getxoko estropada eremua, brankan aldeak zabaldu eta poparean disfrutatzeko. Gizonezkoetan Urdaibaik eginiko denbora ederra segituan irauli zuten mirotzek -bigarren minuturako, zazpi segundoko aldea- eta aurkari zuzenenak, Zierbena eta Donostiarra, mugara eraman zituzten.
«Orio izugarri bat ikusi dut. Oihan Gozategi zoriondu nahi nuke, bere lehen ikurrina irabazi baitu. Pozgarria da etxeko gizonak eskifaian sartzeko borrokan ikusi eta niri buruhausteak sortzen ibiltzea», onartu zuen Iker Zabalak, Orioko entrenatzaileak, denboraldiko bosgarren garaipena ospatu berritan.
Ohorezko txanda hastear zela, haizeak nabarmen behera egin zuen eta, beraz, Urdaibaik bigarren txandan sinatutako denbora ona hobetzeko baldintzak hobetu egin zitzaizkien sailkapeneko lau ontzi onenei. Bermeoko ontziak aurkariak txikitu egin zituen -Getariari 28 segundo eta Lekittarrari 35 aterata-, eta, horri esker, gaur Castroko jardunaldian onenekin lehiatuko da.
Orioren lehen erreferentzia ere “Bou Bizkaiarena” izan zen; hala adierazten zuen Gorka Aranberrik, bere eskifaiari gidatzerakoan. Lehen ziabogan Urdaibairi hamar segundoko abantaila atera zion. Zierbena eta Donostiarra, orain arte mirotzei banderak lapurtzeko gai izan direnak, gogor aritu ziren, mugaraino eraman zituzten beren baliabideak, baina luzez luze, gutxika-gutxika, segundoak irabazi zituen Oriok. Zierbenarekiko bi segundoko aldea zuen lehen ziabogan, 7 bigarrenean, 8 hirugarrenean, eta bukaeran 14 segundogatik gailendu zen.
Bigarren txandan Urdaibaik estropada txukuna egin bazuen, lehendabizikoan San Juanek egindakoa ere ez zen gutxiagorako izan. Arrosek seigarren denbora onena egin zuten, eta bigarren txandan arituko dira gaur.
Sailkapenaren behealdean, Cabo eta Kaikuren arteko borroka partikularrean, sestaoarrak aritu ziren makalago, galiziarrengandik kasik 20 segundora helmugaratuta.
BRANKAN ALDEAK
Arraun Lagunak-ek ere bigarren sailkatu Tolosaldeari 14 segundoko aldea atera zion Getxon, brankan estropada apurtu eta lidergoa berreskuratzeko osagai guztiak metatuta. Ziabogarako 700 metroren faltan, ontzi bateko aldea zuen arerio nagusiekiko: Tolosaldea eta Orio. Iragan asteburuan mirotzek beren erregulartasunaren saria eskuratu zuten, bandera eta lidergoa poltsikoratuta, eta, beraz, Ane Sanchez berak onartu legez, errebantxarako gogoz uretaratu zen “Lugañene”. «Pasatu den igandean kolpe handia hartu genuen (bosgarren egin zuten), gehienbat ez genuelako gure sentsazioekin bat egin. Gaur hasieratik dena ematera ateratzeko esan digu entrenatzaileak», adierazi zuen gipuzkoarrak.
Korrontea kontra zeukatela arraunketa ona hartu zuten donostiarrek, eta ziabogan bi ontziko errentarekin iritsi ziren. Tolosaldea eta Orio elkarrekin atera ziren ziabogatik, eta bigarren posturako lehia estua eskaini zuten. Puntu bakoitzak asko balio duen adierazle izan zen borroka hori; izan ere, Oriok lehen aldiz egin zuen hirugarren -orain arteko sei estropadetan bost bigarren postu eta garaipena pilatu ditu- eta horrek ahalbidetu zion Arraun Lagunak-i berriz ere sailkapenean puntu bateko abantaila izatea.
«Liga estu joateak bere onurak eta kalteak ditu. Tartean taldeak sartzen dira eta puntu gehiago galdu daitezke. Bestelako ikuskizun bat ematen dio honek», nabarmendu zuen Sanchezek.
Iaz bandera guztiak irabazi ondoren, bi aurkari gogor ditu aurten ‘Lugañene’-k, denboraldi ikusgarri bat eskaintzeko prest. Lehen zazpi banderak jokatuta, 50 puntu ditu Arraun Lagunak-ek, bat gutxiago Oriok eta sei gutxiago Tolosaldeak. Koska bat beherago dago Hibaika (30 puntu), ohorezko txandako luxuzko gonbidatua. Sailkapeneko behealdean, aldiz, Donostiarra azken postuan kateatuta dago, nahiz eta atzoko estropadan azken postua saihestu zuten. Hondarribia izan zen azkena. Astillerok irabazi zuen Getxoko lehen txanda, eta Zumaiako “Saregileek”, igo berriek, emaitza txukuna bildu zuten.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
