Surflari Ernegatua

Aholkuak gutxiengoei

Aspaldi ohartu nintzen aholku eske etortzen direnen %90ek ez duela aholku bat nahi, konfirmazio bat baizik. Beraz, nahi dutena entzuten badute, nire hitza haien alde erabiliko dute, baina erantzuna gustuko ez badute, beste aldera begiratu eta gure artean inoiz elkarrizketarik izan ez balitz bezala jarraituko dute.

Gehiegitan etorri zait jendea surfaren eta itsasoaren inguruko galderekin, sarritan aholku eske, eta maiz The Simpson telesaileko eszena bat etortzen zait burura. Homer bere familiarekin oporretara doa, autoan doaz denak elkarrekin, pozarren, abesten eta irribarrez, kanpoan ordea euria zarra-zarra ari du, eta Lisak bere senideei euria ari duela ohartarazten die. Besteek, ordea, eguzki bikaina egingo balu bezala jarraitzen dute, abesten, zoriontsu. Lisak behin eta berriz errepikatzen die gurasoei euria egiten duela, eta aitak ezetz erantzuten dio, irribarre zabal eta begirada galdu batekin. Lisak, «euria egiten du». Eta Homerrek, «ez Lisa, eguraldi bikaina egiten du». Azkenean Lisa oihuka hasten da, «ez duzue ikusten euria egiten duela?». Eta aitak erantzuten dio, ero aurpegiarekin, irribarrez: «ez Lisa, ez duzu ulertu, eguraldi ona egiten du». Orduan Lisa konturatzen da, bere senideak ohartu direla haien oporrak pikutara joan direla, baina ez dutela errealitatea onartu nahi, eta, beraz, beraiek errealitatearen gainetik, haien oporrak haiek nahi dituzten moduan bizitzeko prest daudela, baita euritan hamaka ireki eta «eguzkia» hartzen jarri behar badute ere.

Oso gizatiarra da, errealitateari norberaren «errealitatea» inposatzen saiatzea, ez sufritzeko. “La vita é bella” filmak ere antzeko zerbait azaltzen du. Nazien kontzentrazio kanpo batean aita batek gezurrezko mundua eraikitzen du, bere semeak sufri ez dezan. Film honen inguruan jendeari galdetuz gero, ez dago erdibideko erantzunik, edo haurrari errealitatea ezkutatzearen aldekoak daude, edo kontrakoak. Bi mundu ikuskera dira, Lisa eta auto berean doazen gainerako senideena bezala. Gehiengoa dira, haurrari gezurra esan behar zaionaren aldekoak. Izan ere, gehiengoak, beti defendatu izan du moral bikoitza, bere isiltasunarekin.

Zoritxarrez, ni Lisaren aldekoa naiz, gogorra izanagatik ere, errealitatea nahiago dutenen multzokoa. Ez dugu besteena gaitzesten, baina gehiengoa direnez erotzat hartzen gaituzte. Horregatik, zalantza dut ondoko artikuluak baliorik ba ote duen, irakurleak kasu egin edo ez erabakitzeko askatasuna baitu. Akatsetan bere burua islatuta ikusten duten askok ez didate kasurik egingo. Gaizki ari zirela bazekitelako, edo akatsak onartzea kosta egiten delako. Gehiengoen multzoan dagoenak, gutxiengoan gaudenok ez bezala, beti arrazoi izan nahi du; horregatik egin du gehiengoen multzoan egoteko hautua. Aholku eta irakaspen onak merezi dituenari bakarrik eman behar zaizkio.