Biko gaua
Udako gauak luzeagoak ote diren pentsatzen jardun naiz. Loari denbora kendu eta esna orduek askorako ematen dutelako. Hatortxukoak laburrak egin zaizkiola kontatu dit Laia ilobak, gaztea izanda dena eternizatu eta denera ailegatu nahi horretarik, seguruenik. Kartzelan dauden euskal seme-alaben gauak aldiz luzeegiak direla erantzun diot, eta horren guztiaren kontzientzia duela baldin badakit ere, nehoiz ez dago sobera aldarrikapenak hitzez zizelkatzea. Eta zer erran etxean zain dauden horien gau etsigarriaz? Oraindik orain irri karkailak entzun ziren tokian hautsitako ametsen tristeziak oihartzun egiten baitu, egunero, mahai bueltan hutsik dagoen aulkian. Irudi indartsua baita aulki huts bat sutondoan, agerpen poetikoa ia, baina poesia gutxik du zauriak ixteko gaitasuna, errealitatea hain zaurgarria den kontakizunean. Etxeko txoko guztiek dute falta denaren gabezia, eta hutsuneek baizik ez dituzte gauak kontatzen. Iluntasunaren hozbera, isiltasunaren ertza erdigune, eta erloju zaharra entzuten baduzu, hark gogoraraziko dizu denbora ez dela itzultzen, aurrera bidean min egiten duela baizik. Bi aldiz lo egiten zen gauez akordatu naiz azkenean, mende askotan ohitura sano gisa kontsideratua izan zenaz. Gau erdian bi edo hiru ordu lo egin, esnatu, etena egin, eta berriro lo egin egunsentira arte, errealitate desberdin bat lortzeko. Gaurkora ekarriz, eta amets eginez nik ere, ea begiak zabaltzean falta direnak etxean dauden.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
