Urtzi URRUTIKOETXEA
BOISE

Dena prest dago Idahon euskal diasporaren Jaialdia hartzeko

Luze joan da itxaronaldia, ohiko bost urteen ordez hamar izan baitira Boiseko Jaialdirik gabe, pandemiaren ondorioz. Baina Idahoko hiriburua prest dago euskal diasporaren Jaialdi handia hartzeko, eten luzearen ostean. Bihar hasi eta igandera arte izango da topaketa ofizialki, baina joan den asteburutik gozatu dute euskal kulturaren inguruan antolatutako ospakizunaz.

Boiseko Jaialdia duela hamar urte egin zen azkenekoz. Ordukoa da irudia.
Boiseko Jaialdia duela hamar urte egin zen azkenekoz. Ordukoa da irudia. (BOISEKO EUSKAL DIASPORAREN JAIALDIA)

Bihar hasi eta igandera arte izango da Boiseko euskal diasporaren Jaialdia ofizialki, baina AEBko mendebaldeko hirira iritsi direnek joan den asteburutik gozatu dute euskal kulturaren inguruan antolatutako ospakizun honetaz. Datozen egunetan, milaka bisitari izango dira, Euskal Herritik zein Ipar Amerikako euskal diasporatik bertaratutakoak.

Joan den asteburuan euskaldunen golf lehiaketa egin dute, eta Triki Taka Stomp euskal dantza eta musika saioa ere bai Treefor Music Hall-eko Hap Hap Lounge terrazako tabernan, euskal bloketik oso hurbil.

Gaur, berriz, “Kaixo! Parkea” irekiko dute, eta bihar erabat lehertuko da ospakizuna Ipar Amerikako euskal diasporaren hiriburuan.

Basque Block edo euskal blokean milaka lagun espero dira egunero aste osoan, baina Idahoko hiriburuko beste hainbat txokotara iritsiko da ospakizuna. Euskal zinemaren eguna izango da bihar, esaterako, zenbait film labur eta “Bizkarsoro” lan luzea izango dira ikusgai.

Unibertsitatean, Boise eta Oñatiren arteko programaren 50. urteurrena gogora ekarriko dute, Iñaki Galdosek idatzitako “Abentura bat baino askoz gehiago” liburuaren ingeles itzulpena aurkeztuz. Bi hirien arteko harreman horretatik sortutako erakusketa Euskal Museoan ikusgai dago.

Unibertsitateko beste ekimenen artean, “Zortziak bat” sinposioa izango da bihar eta ostegunean. Era berean, unibertsitatearen futbol zelaian emakumezkoen Athletic-eko 16 eta 17 urteko jokalariak Boiseko Indie Chicas-en aurka jokatuko dute. Idahoko jokalari kadeteak Lezaman izan ziren iaz.

«BASQUE-ING»

Jaialdiko egitarauan egunero ageri dena “Basqueing at the Block” da, hau da, euskal blokean jai egitea. Asteburuan Expo Idaho erakustazokan izango dira dantza eta kirol erakustaldiak. Aurretik, herri-kirolak euskal bloketik hurbil dagoen Idaho Arenan izango dira. Une gorenetakoa da, gure herriko betiko kirol probak estatubatuarren ikuskizun bihurtuta, argien, musikaren eta oihuen artean.

Idaho Arenak hartuko ditu hurrengo egunetako gauak ere: ostiralean “Festara!’’ saioa izango da, musika, dantza eta buru-handi eta erraldoiekin. Biharamunean Dantzaldia, berriz elkartu den Boiseko Amuma Says No euskal taldearekin batera izango dira Euskal Herritik joandako Neomak eta Gatibu. Igandean egunez Expo Idahon izango dira ekitaldiak.

Hala amaituko da Jaialdia. Bertako beteranoek badakite, bisitariek alde egin ohi duten azken egun hori berezia izaten dela, eta bati baino gehiagori ospakizuna ordu txikietara arte luzatu zaiola, euskal etxean hasi eta beste txokoren batean amaitu.

Jaialdia, beste ezeren aurretik, ospakizun handi bat baita, aspaldiko lagunak elkartzeko eta diaspora biziberritu eta ospatzeko. Nork bere eran bizi du euskal nortasun hori, eta neurri batean urtero ospatzen da, jaialdi txikiagoekin, mendebaldeko euskal etxeen pikniketan. Bost urterik behin, baina, topaketa hori jaialdi erraldoia bihurtzen da. Oraingo honetan hamar urte itxaron behar izan dira, pandemiaren ondorioz.

Boiseko Jaialdiaren inguruan aspaldi piztu zen ikusmina, eta ez Euskal Herrian edo euskal diasporan soilik. Idahoko erakundeek ere Jaialdirako argibideen txosten bat argitaratu dute, eta atzerriko hedabideek ere arreta jarri diote.

“National Geographic”-ek, esaterako, 2025ean mundu osoan bisitatzeko 25 proposamenen artean sartu zuen Boise, «AEBn euskal jatorriko pertsonen kontzentrazio handiena» daukala gogora ekarriz, «XIX. mende amaieran artzain etorriak. Eskualdeak omenaldia egiten dio ondare horri euskal kulturaren munduko ospakizun handienetakoa den Jaialdiarekin».

“Condé Nast Traveler” aldizkariak ere aurtengo leku berezienen artean aipatu zuen Boise. «Euskal jaialdi animatua dauka, eta etorkinen kulturek bultzatutako eszena gastronomikoa» nabarmendu zuen.