Perkusioa, piroteknia eta efektu bereziak, Deabru Beltzak-en «Su talka» obra berrian
Deabru Beltzak kale antzerki konpainiak ‘‘Su talka’’ ikuskizun berrian batu ditu piroteknia, efektu bereziak eta perkusioa, besteak beste, ia 30 urteko ibilbidean jarraitu duten ildo beretik tiraka, baina berrikuntzak ere ekarrita. Euskal Herrian ikusteko aukera izango da abuztuan.

Deabru Beltzak kale antzerki taldeak ‘‘Su talka’’ ikuskizun berria estreinatu zuen ekainaren 7an Bretainiako Kertsaint-Plabennec hirian eta hilaren 13an Euskal Herrian. Datorren urtean 30 urte betetzekoa da konpainia eta ibilbide luze horretan mugarri garrantzitsua da merkaturatze berri hau. Izan ere, lehen aldia da ekoizpen bat Euskal Herritik kanpo estreinatzen dutena eta, gainera, Deabru Beltzak Estatu frantseseko zentro nazionaletan sormenerako egonaldiak garatzea lortu duen lehen euskal antzerki konpainia ere bada.
Pozik daude obra izaten ari den harrerarekin. Sentsazio «oso-oso onak» dauzkatela azaldu du Deabru Beltzak taldeko zuzendari Garbitxuk, «bai profesionalen aldetik, baita publikoaren aldetik ere». Tentuz mintzo da, hala ere, konpainian uste baitute hogeigarren emanaldia eskaini arte ez dagoela ikuskizuna biribilduta dagoela esaterik.
Taldeak astebeteko bi egonaldi artistiko egin ditu proiektu berria ontzeko: maiatzaren 24tik ekainaren 1era Garges-lès-Gonessen, Parisen, egon ziren, eta ekainaren 2tik 6ra Brest hiriko Leforneau: Cente national des Arts de la Rue delakoan.
Sortze prozesuaz galdetuta, Garbitxuk dio «luzea» izan dela. Ikuskizunaren bueltan lanean 2023an hasi ziren, baina, kide baten gaixotasuna tarteko, prozesua geldiarazi behar izan zuten, sendatu eta gero berriz ekiteko.
«Sorpresaz beteriko ikuskizuna» aurkituko du ikusleak, taldearen zuzendariaren hitzetan, bukaera «oso indartsua» duena, gainera. Horretarako, 45 minututan 6 artista izango dira agertokian, gaueko ikuskizun ibiltaria gorpuzten. Horrez gain, aipatu beharra dago Deabru Beltzak taldeak, Garbitxuren zuzendaritza artistikoarekin, berrikuntzak egin dituela ekoizpen honetan. Talde artistiko eta teknikoaren barruan, Zesar A. Ogara, Garbitxurekin batera bazkide eta Deabru Beltzak taldearen sortzailea; Ruben Sastre, Rafael Ariza, Iker Barrientos eta Erlantz Eizmendi daude musika eta piroteknia lanetan.
Efektu bereziak, jantziak, makillajea eta musika tresnen diseinua konpainiak berak sortzen ditu, Iñaki Etxeandiaren laguntzarekin, makillajean eta instrumentuen diseinuan. Piroteknian, gainera, Guillaume Pujol eta Poudre Rougeren laguntza izan du.
Estatu frantsesean egin behar dituzten antzezpenez gain, Euskal Herrian ere egongo da ‘‘Su talka’’ bertatik bertara ikusteko aukera.
Abuztuaren 2an Guardian eskainiko dute emanaldi bat, eta hilaren 14an Aretxabaletan. Hori gutxi ez eta Italian, Britainia Handian eta Portugalen ere jardungo dute uda honetan.
Urte luzeko eskarmentua da Deabru Beltzak-ek duena, 1996tik ikuskizun andana eskaini baitituzte. Hori dela eta, Garbitxuk baieztatu dezake publikoa ez dela bera Euskal Herrian eta Estatu frantsesean, adibidez. Hemen «publikoa kale antzerkia ikustera ohitzen ari da», esan du, baina, adierazi du Estatu frantseseko merkatua oso bestelakoa dela, askoz gehiago programatzen baita. eta, horregatik, publikoa «adituagoa da».

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
