Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
DIVISIÓN PALERMO 2.DENBORALDIA

Umorearen bidezko gogoeta

S antiago Korovskyk sortutako “División Palermo” telesail argentinarra proposamen aparta da udako egun bero horiek freskatzeko. Eguzkiaren sapa arintzeko zerbait arin, fresko eta dibertigarriaren bila bazabiltza, hau da zure telesaila.

‘‘División Palermo’’ satira soziala eta komedia beltza uztartzen dituen proposamen arina da, baina azaletik harago doa: inklusioari eta dibertsitate funtzionalari buruzko ikuspegi inteligente bezain xelebrea eskaintzen du.

Umorea sortzeko erabiltzen duen arma nagusia inklusioaren gaia da. Buenos Aires hiriko Poliziaren irudi kaskarra garbitzeko asmoz, gobernuak azpitalde berezi bat sortzea erabaki du: División Palermo. Talde hori gizartean baztertuak edo diskriminatuak izan diren pertsonez osatuta dago: gurpildun aulkian dagoen emakume bat, pertsona itsu bat, pertsona trans bat, autismoa duen beste bat, gor-mutua, besobakarra eta abar. Protagonista Felipe Rozenfeld izeneko gaztea da. Komisariara salaketa bat egitera joan denean, nahigabe, taldean sartzeko hautagaia dela uste dute, eta, nahaste horren ondorioz, kontratatu egingo dute.

Horrela, hiriko guardia inklusibo bat sortzen dute, segurtasun indarren irudia hobetzeko helburuarekin, baina, azkenean, marketin tresna huts bihurtzen da.

Hori da telesailak planteatzen duen gatazka nagusia, eta umore beltza, deserosoa eta batez ere lotsagabea helduleku gisa erabiliz, politikoki zuzena ez denaren eremuan murgilduko gaitu bete-betean.

Pertsonaiak eta hauen dibertsitatea dira telesailaren indargune nagusietakoak. “Tokenismoa” saihesten du (hau da, pertsonaia askotarikoak kuotak betetzeko soilik sartzea) eta, horren ordez, pertsonaia horiek subjektu aktibo, konplexu, kontraesankor eta batez ere oso dibertigarri bihurtzen ditu.