GARA
BILBO

Jai giroak hartuko ditu asteburu honetan Larrabetzu, Romo eta Berango

Abuztuarekin batera jai giro bete-betean sartuko dira Bizkaiko hainbat herri eta auzo. Esaterako, Larrabetzun Gazte Eguna izango dute bihar, hilaren 2an, eta bihar hasiko dira Itzubaltzeta-Romoko zein Berangoko Santo Domingo jaiak ere.

Iaz bertso saioa egin zuten Romoko jaietan.
Iaz bertso saioa egin zuten Romoko jaietan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urteroko hitzordua da herriko zein inguruko gazte jendearentzat Larrabetzuko Gazte Eguna, aurten abuztuaren 2arekin ospatuko dutena. Goizean goizetik abiatuko dute jaia, Kittu taldearen eskutik herriko kaleak musikaz alaituz.

15.00etan izango dute herri bazkaria eta tripa ondo beteta egingo dituzte olinpiadak, 17.00etan. Horren ostean, berriz ere herria zeharkatuko dute gazteek, Elektrokela Elektrotxarangaren erritmoan, 19.00etatik aurrera.

Aldarrikapenerako ere baliatuko dute Larrabetzuko Gazte Eguna; izan ere, elektrotxarangaren ondoren manifestazioa egingo dute Hori Bai gaztetxearen alde, “Gaztetxeak defendatu!” lelopean. Berriz ere musika nagusituko da 23.00etatik aurrera, herriko plazan Naxker, Toc, Biznaga eta Skabidean taldeek eskainiko baitituzte kontzertuak. Halaber, Gaztetxean gauerditik aurrera izango dira Stepiselektah, Santa Klaux eta Elena Barker.

Romo ere jai giroan murgilduko da asteburu honetan, nahiz eta txupinazoa hurrengo asteazkenera arte, hots, abuztuaren 6ra arte, ez duten botako. Larunbatean Felix Arnaiz frankismoaren biktima omenduko du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Ibaiondon, urtero egin ohi duen legez.

Horren ostean, txosnak irekiko dituzte eta bertan 19.00etatik aurrera elkartasun taloak dastatzeko aukera izango da. Kontzertuak 20.30ean hasiko dira txosnagunean; Romo Reggae Festival delakoaren barruan Itziarren Semeak, Taiwan MC eta Smooth Beans arituko dira.

Igandean nekazari, artisau eta bigarren eskuko azoka izango da, 10.00etatik 17.00etara bitartean, eta astelehenean Plater Irekia egongo da, hau da, lehiaketa gastronomikoa. Asteartean jarraituko du kuadrillen arteko norgehiagokak, besteak beste, bazkaria eta goitibehera jaitsiera egingo baitituzte.

GAZTEAK PROTAGONISTA

Txupinazoa abuztuaren 6an jaurtiko dute, 19.30ean, egun osoa Gazte Egunaren bueltan antolatutako ekimenekin festa giroan eman ondoren. Gauean Las Fellini izango dira Ganetan, eta DJ Bull, txosnagunean.

Jaia eta kirola uztartzeko aukera izango dute auzotarrek ostiralean, Herri Krosa egingo baitute 19.00etan hasita. Gauean, Kop, Arene 6 eta Radiocrimen taldeek kontzertua emango dute txosnagunean.

Hilaren 8an Kuadrilla Eguna ospatuko dute eta larunbatean, berriz, Portuaren Eguna izango da. Putxera Lehiaketa egingo dute eta kontzertuez gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek; Doloresen STR eta Erromepunk taldeak jardungo dira.

Igandean amaituko dira Romoko jaiak, baina gauerdira arte luzatuko zaizkie, orduan botako baitute amaierako traka. Egunerako egitarau oparoa antolatu dute; besteak beste, bertso saioa txosnagunean, Andoni Egaña, Eli Pagola, Arrate Illaro eta Gorka Pagonabarraga bertsolariekin.

Horretaz guztiaz gain, romotar gaztetxoek ere jaiez gozatzeko aukera izan dezaten Txikigunea antolatu dute abuztuaren 7tik 9ra bitartean, 11.00etatik 13.30era eta 17.00etatik 19.30era, Santa Eugenia plazan.

Berangoko Santo Domingo jaiak ere bihar abiatuko dira, eta abuztuaren 10ean amaitu. Besteak beste, kuadrillen igoera eta haien arteko hainbat proba egingo dituzte bihar. Gauean, Anestesia taldea eta Lehian erromeria izango dira.

Igande goizean Pala Txapelketa eta, arratsaldean, Haur Parkea izango dituzte, baita The Half Nelsons eta Noran taldeen kontzertuak ere.

HAUR ZEIN HELDU

Astelehenean, adinekoek haientzako espresuki antolatutako hamaiketakoa dastatzeko abagunea izango dute eguerdian, eta arratsaldean, bestelako ekitaldi batzuen artean, mus txapelketa egongo da.

Kuadrillen Egunean, alegia, abuztuaren 5ean, bazkaria egingo dute eta Andoni Oilokiegiren emanaldiaren ostean DJa eta karaokea izango dituzte. Jaiei amaiera emateko, Bakailao Egun Herrikoia egingo dute. 11.00etatik 14.00etara bitartean eta 16.00etatik 18.00etara umeek ur parkea izango dute eta arratsaldean Ekhy taldearen eskutik dantzaldia egongo da.