Iskander Sagarminagak hiru ‘kokoak’ lotu ditu

«Manhattan, Santa Katalina eta Ipar kanalean galdutako ‘kokoak’ topatzen joango gara udaran», adierazi zuen Iskander Sagarminaga ur irekietako igerilariak joan den apirilean NAIZ Irratian eginiko elkarrizketan. Eta bizkaitarrak goitik behera bete du erronka hirukoitza. «Pozez zoratzen gaude!», azpimarratu du.
Iaz Ipar Irlandako eta Eskoziako kostaldeak lotzen dituen eta 35 kilometro dituen Ipar Kanala zeharkatzeko helburua bete ezinik geratu zen, baina urtebeteren buruan, orduko hartan bete ez zuena eta beste bi erronka beteta, sekulako balentria erdietsi du Sagarminagak. Manhattango uharteari buelta eman zion ekainaren 29an, Kaliforniako Santa Katalina irlatik Los Angeleserako gaueko zeharkaldia osatu zuen uztailaren 7 eta 8an, eta abuztuan Ipar Kanala zeharkatu duen aurreneko euskalduna bilakatu da, balentria hori bete duen munduko 176. igerilaria eta hamazazpigarren igerilaririk azkarrena zeharkaldi hori burutzen, 10 ordu eta erdiren langaren azpitik lanak amaitu ostean.
NEOPRENORIK GABE
Denera, 120 kilometrotik gorako zeharkaldia amaitu du Iskander Sagarminagak, eta bere bikotekide Eider Eibar ilustratzaileak kokoak.eus webean galdakoztarraren balentriak marraztu ditu, betiere Zazpi Itsasoen Erronkaren barnean.
Ipar Kanaleko urak bereziki dira hotzak, are gehiago neopreno gabe egin beharreko zeharkaldia izanik. «Neguan, neopreno gabe sartu behar duzu itsasoan, neopreno gabekoak baitira proba hauek. Ipar kanaleko ura 13 gradutan dago, eta 12-13 ordu aritu behar duzu. Beraz, egokitu egin behar duzu», zioen Sagarminagak NAIZ Irratian eskainitako elkarrizketan.
Ipar Kanaleko proba iaz ezin izan zuen burutu baldintza eskasak aurkitu zituelako. «Ia hilabete egon nintzen irteteko itxaroten, eta, eguraldi txarra zela-eta, egun batean ere ez ezin izan nintzen irten. Azkeneko egunean esan zidaten ondo egon zitekeela, baina oso gaizki jarri zen, marmokak tarteko, eta ezinezkoa zen itsasontziak erritmo horretan niri norabidea gidatzea», onartu zuen.
Aurten baldintza hobeak aurkitu ditu eta, Eider Eibarrek berak esan bezala, «hiru kokoak» aurkitu dituzte, zeharkaldi guztiak osatuz.
«’Kokoak’ irudimena gustatzen zaien xomorro batzuk dira, eta gero, ‘Margo Piratak’ dugu. ‘Kokoak’ mundu batetik bestera mugitzen dira, eta Eiderrek ilustratzen duenean eta ni igerian naizela, munduak elkartu egiten dira. Magia, irudimena eta abentura elkartzen direnean, hor agertzen dira ‘Kokoak’, ‘Margo Piratak’ eta umeen mundu hori; abentura hau kontatuko dugu», esan zuen Iskander Sagarminagak apirilean. Orain bete du orduan buruan zebilkion balentria.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
