GARA
DONOSTIA

Laboral Kutxak 145 milioi irabazi ditu 2025eko lehenengo seihilekoan

Laboral Kutxaren bulego bat.
Laboral Kutxaren bulego bat. (Iñigo URIZ | FOKU)

Laboral Kutxak 145.488 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2025eko lehenengo seihilekoan, iazko aldi berean baino %8,28 gehiago. Hain zuzen ere, 2024ko lehenengo seihilekoan irabaziak 134.364 milioikoak izan ziren.

Ohar baten bidez banketxeak atzo adierazi zuen, 2024an «sendotasun nabarmena» agertu ondoren, ekitaldi berria ildo beretik hasi zela. Hala ere, azaldu zuen, 2025eko bigarren erdia hurbiltzen hasi den neurrian, mundu mailako ekonomia «gero eta ziurgabeagoa» bilakatuz joan dela, «desazelerazio ziklikoak, merkataritza tentsio berriek eta arrisku geopolitiko latenteek» markatu dutena.

Moneta politikei dagokienez, Laboral Kutxak ohartarazi zuen 2025eko lehenengo seihilekoan interes tasek beherako bidea jarraitu dutela eta gogora ekarri zuen aurreko hilean Ministro Kontseilu espainolak zazpigarren beherapena ezarri zuela, Europako Banku zentralaren interes tasak oinarrizko 25 puntu murriztuta. Bereziki, moneta politika bideratzeko elementu nagusia den gordailutzeko erraztasunari aplikatu beharreko interes tasa jaitsi zuen, %2ra arte.

Laboral Kutxak ezagutarazi zuen faktore horiek osatzen dutela lehenengo seihilekoko emaitzak posible egin dituen testuingurua, Mondragon kreditu kooperatibak lortutako emaitzekin batera.

Halaber, bitartekaritza-baliabideak 32.793 milioi eurokoak dira lehenengo seihilekoaren amaieran, eta 1.362 milioi eurokoak 2025ean, hau da, %4,33 gehiago abenduaz geroztik. Atalez atal, familien eta enpresen balantzearen barruko baliabideak, hala nola ageriko kontuak, aurrezki kontuak edo eperako gordailuak, %1,52 hazi dira.

Balantzetik kanpoko baliabideen artean, inbertsio funtsen bilakaera positiboa izan dela azpimarratu zuen banketxe kooperatiboak.

Era berean, urteko lehenengo seihilekoan, kudeaketapeko ondarea 985 milioi euro hazi da, hots, %15,91. Balantzetik kanpoko figura denen guztizko zenbaketan, non BGAEak, pentsio planak eta bizi-aurrezki aseguruak ere sartzen diren, «bultzada handia» izan da, %11,91ko baterako hazkundearekin.