GARA
GASTEIZ

Milaka gasteiztar izan ziren Egunsentiko Arrosarioan, Gaza eta etorkinak aipagai

Egunsentiko Arrosarioan parte hartzeko, milaka gasteiztar bildu ziren, eguraldi freskoa lagun (12 gradu, Zeledonen jaitsieran baino 22 gutxiago). Elizalde gotzainak gogoan izan zituen adineko bizilagunak, etorkinak eta Gazako hilkintza.

Blusa eta nesken ohorezko aurreskua, Gasteizko jaien egun nagusian.
Blusa eta nesken ohorezko aurreskua, Gasteizko jaien egun nagusian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Jaietako egun nagusiko goizaldeko Arrosarioak gasteiztarrak urtero biltzen ditu isiltasun eta emozio handiko giroan. Atzokoa ez zen salbuespena izan. Abestiak eta otoitzak tarteko, festazale asko ere erakartzen baitu ekitaldiak.

Goizeko 7:00etan hasi zen prozesioa, haize freskoa zebilela, 12 gradu baino ez. Ama Birjina Zuriaren plazatik eta Mateo Moraza kaletik abiatu zen, Erdi Aroko hirigunean zehar bere ibilbide tradizionala egiteko, Santa Maria plazatik, Hedegile plazatik, Jesusen Zerbitzarietatik eta Aldundiko Jauregitik igaroz. Ordubeteko ibilbidea arazorik gabe osatu zen, eta hiriko bizilagun eta bisitari ugarik lagundu zioten Ama Birjina Zuriaren irudiari. Prozesioa Egunsentiko Meza tradizionalarekin amaitu zen San Migel elizan. Ondoren blusek eta neskek ohiko lore eskaintza egin zioten Gasteizko patroiari, eta ohorezko aurreskua ere dantzatu zuten.

GASTEIZKO ETA MUNDU OSOKO «ZAURIAK»

Juan Carlos Elizalde Gasteizko gotzainak gaurkotasun handiko zenbait kontu aipatu zituen mezan. Maider Etxebarria alkatea, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Nerea Melgosa eta Amaia Barredo Lakuako sailburuak izan zituen entzule, milaka gasteiztarrekin batera.

Prelatuak bere homilian Gasteiz hiri «erosoa eta bizi kalitatea duena» dela adierazi zuen, baina «zauriak ere badituela» erantsi.

«Hemen ere badira bakardadean bizi direnak, batez ere adinekoak. Gure hirian, asko bakarrik bizi dira, isilik. Batzuek egunak ematen dituzte inorekin hitz egin gabe. Min ematen digu jakiteak Gasteizen 75 urtetik gorakoen %40 inguru bakarrik bizi dela, eta askok ez dutela familia sare aktiborik», azpimarratu zuen.

«Eta gure familietan aitona-amonak altxor bat dira: belaunaldien arteko zubi izan daitezke, bizimodu xumeago, otoiztiago, hurbilago eta zoriontsuago eta zentzudunago baten lekuko. Zergatik ez ireki gune gehiago adinekoek eta gazteek elkar entzun eta ulertzeko?», galdetu zuen.

Gazteak ere badaude, gaineratu zuen gotzainak, «zerumugarik aurkitzen ez dutenak. Pertsona migratzaile batzuk ez dira duintasunez hartzen. Desoreka dago, etxebizitza aurkitzeko zailtasun gaindiezinak daude, etsipena dago», esan zuen.

Gazaz gogoratu zen bereziki, asteleheneko jaitsieran Iñaki Kerejazuk egin zuen bezala: «Urriaren 7an israeldarren aurka egindako eraso terrorista bidegabe eta basatiak ez du justifikatzen gazatarrek egunez egun pairatzen duten gose eta heriotza setioa», aipatu zuen gotzainak.

Ukrainan, Nigerian, Kamerunen, Sudanen, Etiopian, Yemenen eta Afrikako eta Asiako beste hainbat eskualdetan dagoen sufrimenduari ere aipamena egin zion.

«Otoitz egin dezagun gerra hauen amaieraren alde eta, ahal dugun neurrian, lagun dezagun eremu hauetan proiektu humanitarioekin. Gure indar guztiekin, bakea nahi dugu munduan», esanez amaitu zuen sermoia.