Energia garbiak aplikatzeko, etxebizitza sozial egokienak identifikatu ditu EHUk
Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI ikerketa taldeak etxebizitza sozialen egokitasuna aztertu du, haietan energia garbiak aplikatu ahal izateko. Zerrenda bat osatu eta ondorioztatu dute Arabako eraikinak direla helburu horretarako aproposenak.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etxebizitza sozialen birgaitzean energia garbiak nola aplikatu aztertu du Euskal Herriko Unibertsitateak. ENEDI taldeak egin du azterlana, eta identifikatu dute EAEko alokairu sozialeko zein eraikin diren egokienak energia fotovoltaikoa eta bero ponpak konbinatzeko.
Bi teknologiak konbinatuz gizarte alokairuko eraikinak energetikoki nola birgaitu daitezkeen ikertu dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileek. Horretarako, Lakuako Gobernuaren Zero Planean oinarritu dira, eta Europako Batasunetik bultzatu nahi diren teknologiak aztertu dituzte. Oro har, Arabako eraikinetan aurkitu dute sistema ezartzeko potentzialtasunik handiena.
Energia kontsumo osoaren %40 eraikinei dagokie, eta, eraikuntzaren arloan Europan indarrean dagoen legediaren arabera, energia berriztagarrietan oinarritutako birgaitze ekintzak egin behar dira, energia eta klima helburuak lortzeko. Euskal Autonomia Erkidegoko alokairu publikoko parkeak 7.600 etxebizitza baino gehiago dauzka, eta alokatzaileen profila irregularra eta aldakorra da. Hori dela eta, erronka handia da halako etxebizitza moten energia premiak definitzea, etxebizitza pribatuaren erabilerarekin alderatuta profil desberdina baitute. Beraz, zaila izaten da eraikinak energetikoki birgaitzeko lanak definitzea eta aurrera eramatea.
Gaur egun, birgaitzeko ordena antzinatasunaren eta ezaugarri arkitektonikoen arabera lehenesten da. Alor hori ikertzeko beharrari erreparatu zion ENEDI taldeak, egokitasuna ere kontuan har dadin ahalbidetzeko.
Halatan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alokairu publikoko 128 eraikinetan teknologia fotovoltaikoaz eta bero ponpaz osatutako sistema hibridoen potentziala aztertu dute, eta haiek birgaitzeko lehentasunak ezarri. Horrela, errazagoa izango da teknologia horiek jartzeko eraikin egokienak zein diren hautatzea.
SISTEMA HIBRIDOAK
Sistema hibrido hauetan «teilatuko panel fotovoltaikoetan ekoitzitako elektrizitatea bero ponpak elikatzeko erabiltzen dira. Bero ponpek, aireko beroaz baliatuz, eta hozte ziklo termodinamiko baten bidez, beroa transferitzen dute erradiadoreetara», azaldu du Mikel Garro ENEDIko ikertzaileak.
Alokairu publikoko eraikinen eskari termikoa zentralizatzea eta bero ponpatik eraikin osora banatzea da helburua. Garroren iritziz, bero ponpa aerotermikoak oso egokiak dira horretarako.
Rankinga egiteko, kontuan hartu dituzte eguzki energia eskuratzeko eraikinen estalki erabilgarria eta eraikin bakoitzeko berokuntza eta elektrizitate kontsumoak, zehaztasun handiz. Bestalde, bero ponpak hautatzeko, eraikinaren egitura, premia termikoak eta kokapena kontuan izan dituzte.
Garro itxaropentsu agertu da emaitzekin: «Araban, oro har, eraikinak ez dira hain garaiak. Teilatuetan eguzki energia eskuratzeko ahalmena handiagoa da, erradiazio balio altuagoak daudelako eta, horrenbestez, produkzio fotovoltaikoa handiagoa da». Gainera, eraikinak baxuagoak izateak haien eskari termikoa ere baxuagoa izatea dakar, eta horrek aproposagoak bihurtzen ditu sistema hibridoa ezartzeko.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
