GARA
DONOSTIA

Festa bizitzeko modu desberdinak eskainiko ditu Donostiako Aste Nagusiak

Biharko kanoikadatik hasita, festa bizitzeko ehunka modu izango dira Donostiako Aste Nagusian. Egitarau ofizialak hainbat berrikuntza izango ditu eta Aste Nagusi Piratak parte-hartzea, kultura eta aldarrikapen soziala uztartuko ditu. Bestalde, Ikaztegietan gaur bertan hasiko dira festak.

Donostiako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak emanaldi berezia eskainiko du.
Donostiako Erraldoi eta Buruhandien konpartsak emanaldi berezia eskainiko du. (A.CANELLADA | FOKU)

Ohikoa den bezala, bihar arratsaldean Alderdi Ederren botako den kanoikadak emango dio hasiera ofiziala Donostiako Aste Nagusiari. Aurten, Gipuzkoako Elikagaien Bankua eta Amara Berri Auzo Elkartea izango dira ekitaldiko protagonistak eta bi kolektibo horietako ordezkariek Artillero abestuko dute Udal korporazioarekin batera, jaia hasi baino minutu batzuk lehenago.

Guztira, 387 jarduera daude iragarrita, hiriko 34 leku desberdinetan. Hain zuzen ere, jai eremu berriak dira aurtengo berritasun nagusia, horien artean Uliako Mintegien parkea, azken urteetan arrakasta handia izan duen musika elektronikoaren zaleen topaketa gunea bihurtuko baita.

Egitarau ofizialak jasoko duen beste berritasun bat datorren ostiralean izango da (abuztuak 15), Donostiako Erraldoien Konpartsaren eta Euskal Herriko eta Lleidako Castellers taldeen eskutik. Talde horiek ikuskizun bateratua eskainiko dute goiz osoan zehar. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketak 60. edizioa beteko du. Hori dela eta, parte hartuko duten su-etxeen zerrenda lehiaketaren historian saria jaso duten su-etxeek osatuko dute.

Ohiko ekitaldien artean, aurten ere ez dira faltako lehiaketa gastronomikoak (paella, begihandi tintan, legatza saltsa berdean, marmitakoa…), erraldoi eta buruhandien arratsalderoko emanaldiak, folklore ikuskizunak, zezensuzkoak, herri kirolak Trinitate plazan eta Urrezko Kopa hipodromoan.

Musika arloan, berriz, honako hauek nabarmendu daitezke: Morodo, Vicco, OBK, J Martina, Dupla, Sexy Zebras, Janus Lester, Marlon eta Leire Martinez.

ASTE NAGUSI PIRATA

Donostiako Piratek ere jarduera ugari eskainiko dituzte abuztuaren 17ra arte luzatuko duten egitarauan. Bertan, herriaren parte-hartzea, kultura eta aldarrikapen soziala uztartuko dituzte. Horrela, aurtengo txupinazoan eta jai guztietan zehar Donostiako pentsiodunen mugimendua izango da protagonista nagusietako bat, mugimendu horren urteetako lana eta egungo borrokak lehen lerroan jartzea erabaki baitute.

Jai egitaraua bihar hasiko da kofradien bazkariekin eta 19.00etan ongietorria egingo diote Ezkila eta Mattiri, ordu erdi beranduago txupinazoa botatzeko.

Mugimenduaren ikur bilakatu den Abordatzea abuztuaren 11n egingo da (astelehena) eta, eguerdiko bazkariaren ondoren, 17.00etan baltsak uretara botako dituzte, parte-hartze zabaleko jarduera horrekin aldarrikapen kolektiboa eginez. Bestalde, abuztuaren 15ean ospatuko dute Egun Nagusia, programazio bateratu eta bereziarekin.

Musikari dagokionez, eskaintza «anitza, euskalduna eta feminista» osatu dute. Bi eszenatoki nagusi izango dira: Flamenka eta Trinitate plaza. Lehenengotik Orekka Erromeria, Olatz Salvador, Izaki Gardenak, Goxua’n Salsa, Hofe, La Txama, Labar, Euskoprincess, Bengo, Merina Gris, Añube, Sukena, Marte Lasarte, Indabe eta Lukiek igaroko dira.

IKAZTEGIETAN ERE JAIAK

Donostiako Aste Nagusiarekin batera, Gipuzkoako zenbait herritan San Lorentzo jaiak ospatu ohi dituzte. Horien artean dago Ikaztegieta, gaur bertan hasiko dituzte jaiak, 11.30ean botako duten txupinazoarekin. Aurten, San Lorentzo eguneko txakolin dastaketa antolatu duen taldeak botako du suziria, 18 urteren ondoren erreleboa emango baitio talde berri bati.

Aurtengo egitaraua hiru egunez luzatuko da, igandera arte. Ostiralean umeen bazkaria izango da, larunbatean kuadrilla bazkaria eta igandean herri afaria. Arratsaldeetan ekitaldi gastronomikoak izango dira nagusi, hala nola patata-tortilla prestaketa edota zahagi-ardoa eta sardina jatea. Txakolin dastaketa, hori bai, igande eguerdian izango da.

Berrikuntza nagusia igande arratsalderako iragarrita dagoen bertso saioa da. 18.00etan hasita, Amets Arzalluz, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Eñaut Martikorena arituko dira. Musika taldeei dagokienez, honako egitaraua dago iragarrita: Ezezez eta Lukiek (gaur), Bide Batez Erromeria (bihar) eta Eingo taldea (etzi).