Suteen aurkako plana abiatu du Pasaiako Portuak, 2018koa gogoan
Ia bi milioiko aurrekontua du Pasaiako Portuak abiatutako egitasmoak, Herrera aldean suteen aurkako babes sarea hobetzeko. Gogoan hartu behar da 2018an sute handia gertatu zela, kasu hartan Lezoko aldean, eta herritarren haserrea eta kezka agerian geratu ziren.

Pasaiako Portu Agintaritzak (APP) 1.978.000 euro inbertituko ditu Herrera aldeko suteen aurkako babes sarea modernizatzeko.
Lanek portuaren alderdi honetako mendebaldeko eta hegoaldeko eremuak eta kaiak barne hartuko dituzte.
Ohar batean atzo azaldu zutenez, proiektu honi esker, Portuak «azpiegitura hobea» izango du Herreran, alde horretan dauden egungo biltegi eta eraikinei zein garatuko diren biltegi berriei zerbitzua emateko aukera emanez, eta «horrela, mota honetako gertakari potentzial bati erantzun azkar eta eraginkorra eman ahal izateko».
Lizitazio prozesua abian da. Herrera osoari zerbitzua emateko nahikoa den edukiera duten tankeak eraikitzea, hornidura hodietatik bereizitako hodi berriak eta parametro hidraulikoen monitorizazio ekipoak hartzeko ganbera bat eraikitzea izango du helburu. Portuko Agintaritzak adierazi zuen proiektuak Herrera aldeko azpiegitura modernizatzeko beharrari erantzuten diola, «eremuaren egungo eta etorkizuneko erabilerak asetzeko beharrezkoak diren presio eta emariarekin hidranteen sare zabaldu bat sortuz».
Herrera hedapen prozesuan dago ekonomia une honetan, eta besteak beste Adinberri izeneko zentroa hartuko du, erresidentzia eredu berri bat, Gipuzkoako Aldundiak nabarmendu duena. Inguruan amiantoa agertu ondoren, lanak geldirik egon dira tarte batez.
Gogoan hartu behar da 2018. urtean sute handia gertatu zela Portuan, orduan Lezoko aldean, pilatutako hondakinek su hartu baitzuten. Dimentsio itzela hartu zuen, eta 21.000 litro ur behar izan zituzten amatatzeko. Honen ondoren, auzitegira jo zuten auzokideek, gertatutakoa ez zela kontu bakana eta Portuak berebiziko arriskua sortzen diela adierazita.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
