Villavesetako langileek lanuzteei ekingo diete, akordioa lortu arte
Iruñerriko autobusetako plantillak elkarretaratzea egin zuen atzo. Lan hitzarmena negoziatzeko asmoa berresteaz gain, iraileko lanuzteak iragarri zituzten. Bartzelonako Moventis enpresako egoitza nagusira joatea pentsatu dute, lan baldintza duinak eskatzeko.

Iruñeko Merindadeetako plazan antolatutako elkarretaratzean, Villavesen langileek Iruñerriko Mankomunitatearekin edo Moventis enpresarekin lan hitzarmenaren inguruko negoziazioa berriz hasteko borondatea adierazi zuten atzo. TCC Moventisen enpresa batzordeak bien jarrera kritikatu zuen, eta akordio batera heltzeko asmorik ez dutela ziurtatu zuen.
Sanferminetan mobilizazioak gelditzeko eskakizuna entzun eta errespetatu egin zutela adierazi zuten langileek, festen ondoren lan baldintzen inguruan hitz egiteko aukera egongo zelakoan. «Mobilizazioak eta lanuzteak gelditzeko eskatu ziguten; gelditu egin ditugu eta inork ez digu deitu, inork ez du mahai batean eseri nahi izan negoziatzeko», ohartarazi zuen Juanan Aldudok, TCC enpresa batzordeko ordezkariak.
Uztailaren 15etik ez da greba egunik izan. Baina, egoera ikusita, hurrengo hiliabeteetan lanuzteak berriz abiatzeko intentzioa dute Villavesetako langileek. «Iraila hurbiltzen ari da, ikastetxeak hastera doaz eta mobilizazioei ekingo diegu berriro», iragarri zuen Aldudok langileen izenean.
Negoziazioak berriz hasteko momentua abuztuan zehar dela azpimarratu zuen, konponbide bat ahalik azkarrena lortu nahi bada, behintzat. Datorren hilabetean egingo dituzten aldarrikapen ekintzei dagokienez, lanuzteak egingo dituztela ziurtzat eman zuen, partzialak edo osoak izango diren oraindik erabaki ez duten arren.
BARTZELONARA
Epe motzera baldintzak aldatuko ez balira, enpresa batzordeko kideek beren protestak eta aldarrikapen ekintzak Bartzelonan dagoen Moventis enpresaren egoitza nagusira eramateko asmoa ere badute.
Villavesetako langileek ezinbestekotzat jotzen dituzten eskaeren artean 2012. urtetik aurrera galdutako KPIa berreskuratzea eta bajen tratamendu egokia lortzea daude. «Gastroenteritisa edo gaixotasunen bat dugunean, ezin dugu lanik egin, ezin garelako komunera joan», jarri zuten adibidea. «Gure borroka eta aldarrikapenak bidezkoak direla ulertzen ari dira», adierazi zuen, hiritarrei eskertuz.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
