Txiki eta Otaegiren muralari eraso egin diote Durangon
Astearte gauetik asteazken goizaldera Txiki eta Otaegiren omenezko muralari «eraso egin» ziotela salatu zuen atzo Durangoko Ernaik. Askapen prozesuak «mehatxupean» jarraitzen duela adierazi zuten ohar baten bidez, eta horren erakusle dela gauez egindako kaltea.

«Ernaik Txikiren eta Otaegiren omenez egindako muralari eraso egin diote bart gauean», gaitzetsi zuen atzo Durangoko Ernaik. Bi militanteen aurpegiak zituen muralak, “Zuen borrokak darrai. Ekin eta bultza askatasunera” jartzen zuen segidan, eta asteazken goizaldean margo beltzez narrastuta eta «etarras» idatzita agertu zen.
Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokatu ziren bi kideak duela 50 urte fusilatu zituztela gogoratu zuten gazteek. «Beraien memoria gorde eta aldarrikatzea ez da erregimen faxista baten biktimei egiten zaien aitortza soila; askatasun guztien aldeko borrokaren oihua da. Batzuetan kontrakoa iruditu arren, gaur, zapalduak jarraitzen dugu. Gure memoriak eta askapen prozesuak mehatxupean jarraitzen dute. Horren erakusle da bart gaueko erasoa, eta azken urtean Durangon bizitako beste hainbat», adierazi zuen Durangoko Ernaik.
Gertatutakoa «irmoki» salatu eta «eraso faxistek eta espainolistek» Durangon ez dutela lekurik gogoratu zuten. Horregatik, Txiki eta Otaegiren murala gaur, arratsaldeko 18.30ean, berregingo dutela iragarri zuten.
DONOSTIAN IRAILAREN 14AN
«Diktadura faxistaren unerik gogorrenetan urrats bat aurrera egin eta, beste milaka bezala, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokara batu ziren bi gazte izan ziren», gogora ekarri zuen Ernaik asteartean Bilbon eginiko agerraldi jendetsuan, irailaren 14ko Donostiako manifestazioa ortzi mugan.
«Gure belaunaldiaren garaia da orain -nabarmendu zuten, 1975ekoak oroitarazi ostean-. Independentziaren aldarria zabaldu eta kaleak hartuko ditugu». «Txiki eta Otaegi hil zituzten, baina ez dute herri honen askatasun nahia isilaraztea lortuko. Gu gara borrokan jarraitzen dugunak», adierazi zuten.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
