GARA
BILBO

Serveo azpikontratako langileak kaleratzeen aurka greban dira

Greba hasi zuten atzo goizean Serveo enpresako langileek, Basauriko Bridgestonen plantan mantentze lanak egiten dituen azpikontratak egin asmo duen kaleratze kolektiboari aurre egiteko. CCOO sindikatuko kide Unai Orbegozok NAIZ Irratian eman zuen egoeraren berri.

Protesta Bridgestonen, kaleratzeak direla eta.
Protesta Bridgestonen, kaleratzeak direla eta. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Serveo enpresako langileak greba egiten ari dira atzoko goizaz geroztik, enpresak egin nahi duen kaleratze kolektiboaren kontra. Basauriko Bridgestonen plantan mantentze lanak egiten dituen azpikontrata da Serveo eta, hasiera batean, 22 langile kaleratzea aurreikusi zuen enpresak. Hala ere, gerora kaleratze kopurua 14ra jaitsi zuen eta gainontzeko zortzi langileak beste lantoki batzuetan birkokatzeko aukera jarri zuen mahai gainean enpresak.

CCOO sindikatuko Unai Orbegozo kideak azaldu zuen atzo, NAIZ Irratian, egun horretan bertan amaitzen zela kaleratzeen espedientearen negoziazio epea eta langileek kalera ateratzea eta mobilizazioekin jarraitzea erabaki zutela, proposatutako baldintzekin ez baitaude ados.

Goizean goizetik piketeak zeuden Repsoleko sarreran, eta beharginak ez ziren lanera itzuli. «Langileek euren kabuz eta borondatez hartu nahi dute erabakia, ez enpresak inposatutako baldintzen bidez», adierazi zuen Orbegozok.

Enpresak dioenaren arabera, kaleratzeak egoera ekonomiko zail baten ondorio dira, baina sindikatuaren ustez, «justifikazio eskasa» besterik ez da hori. Orbegozok nabarmendu zuenez, «langileen eskubideak lehenetsi behar dira halako egoeretan», eta kalte-ordainak hobetzeko eskatzen dute.

Enpresak 29 eguneko kalte-ordaina 33 egunera igo du eta 60 urtetik gorakoentzat aurre-erretirorako aukera bat ere proposatu du, baina CCOOk ez du zifra zehatzetan zentratzerik nahi: «Gure helburua da negoziazioan maniobra-marjina bat izatea eta langileen egoera pertsonalak kontuan hartuta akordio bat lortzea».

Serveo enpresak lau langile beste lan zentro batera aldatzea proposatu du. Sindikatuak, hala ere, adierazi zuen birkokatze horiek boluntarioak izan behar dutela, eta ez enpresak aukeratu eta inposatutakoak.

Kaleratze hauek ez dira kasualitate hutsa, Orbegozok azaldu zuenez: maiatzean ere izan ziren mugimenduak Bridgestonen plantan, eta, sindikatuaren arabera, «kaleratze ikusezinak» izan ziren ordukoak, Bridgestonek berak zuzenean egin ezin dituen neurriak azpikontraten bidez bideratzen ari delako. «Bridgestonek badu zeresana honetan», baieztatu zuen Orbegozok.

AKORDIORIK EZEAN, GREBA

Atzo arratsaldean enpresak kaleratzeak hamalaura murriztu zituen, baina sindikatuak adierazi zuen ez dagoela ados enpresak proposatutakoarekin eta gaur goizean bere desadostasuna sinatuko duela. Hortaz, greban jarraituko dute Basauriko langileek eta gaur goizerako elkarretaratzea deitua zuten, Bridgestonen lantegiaren sarrerako zubian, Basaurin.