Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
BLUE SUN PALACE

Minimalismo narratibo eta bisualaren indarra

Blue Sun Palace” filmean dolua, bakardadea eta identitatea dira ardatz nagusiak. Istorioak etorkinen mina eta erresilientzia azaleratzen ditu, jaioterritik urrun bizitzeak dakartzan erronkak erakutsiz.

Constance Tsang-ek hasieratik erabaki estilistiko argia hartu du: ikuspegi minimalista eta narratiba bisual pausatua. Plano estatikoen erabilerak keinuei eta adierazpen sotilei protagonismoa ematen die, emozioak modu gradualean azaleratzeko aukera eskainiz.

Isiluneek, halaber, funtsezko zeregina betetzen dute; tentsio dramatikoa eraiki eta pertsonaien barne mundua iradokitzen dute. Filmak erritmo kontenplatiboa du, lasaitasunaren eta intentsitate emozionalaren arteko oreka etengabe bilatuz.

Alor bisualak indar berezia du: irudien ehundura pikortsua denboraren iragatearen eta pertsonaien barne zauri sakonen metafora gisa ulertu daiteke. Kamera, sarritan, espazio murriztuetan kokatzen da -masaje kabina batean, eskailera batean, jatetxe batean-, eta horrela indartzen da pertsonaien entzierro emozionalaren sentipena. Era berean, hiriaren argi eta itzalen kontrasteak ez du soilik errealitate sozialaren testigantza eskaintzen: pertsonaien sentimenduen dualtasunaren irudi sinboliko gisa funtzionatzen du. Egia da, bestalde, eszenaratzearen fintasunak zenbaitetan narrazioaren indarra lausotzen duela: pertsonaiak eta euren emozioak bigarren mailan geratzen dira, edo ez dira guztiz garatzen.

Hala ere, garrasirik egin gabe eta gidoi biraketa harrigarrien beharrik gabe, Tsangek opera prima interesgarri, delikatu eta sotila eraiki du, begirada propio eta koherente baten erakusgarri.