Euskaltel eta beste zenbait taldetan ibili zen Peio Arreitunandia hil da
Atzo hil zen, 51 urte zituela, Mutrikuko txirrindulari ohia. Profesionalen tropelean izan zen 1999tik 2007ra bitartean. Haren garaipenik ezagunena 2005eko Euskal Bizikletako etapa bat izan zen.

Gaixotasun luze baten ondorioz, atzo hil zen Peio Arreitunandia (1974) txirrindulari ohia, mutrikuarra, 51 urte besterik ez zituela. Bederatzi urtez aritu zen profesional gisa Arreitunandia. Euskaltel-Euskadi izan zuen lehenengo taldea, eta Barloworld azkena.
Arreitunandia, ‘Arreitu’ laburduraz ezagunagoa, jaiotzez galiziarra izanagatik ere, txikitatik Mutrikun bizi izan zen, eta txirrindulari gisa ere bere ibilbide profesionala euskal txirrindularitzari lotutako taldeetan garatu zuen batik bat.
Hamarkada batez tropelaren barruan txirrindulari sendo bezala mantendu zen, bereziki bigarren mailako probetako etapa irabazle bezala nabarmenduz eta euskal txirrindularitzaren nazioarteko proiekzioan 2000ko hamarkadan lagunduz. Hala, 1999an egin zuen debuta profesionalen artean Euskaltel-Euskadi taldearekin, eta harrezkero Cantanhede (2001), Carvalhelhos-Boavista (2002-2003), Cafés Baque (2004) eta Barloworld (2005-2007) taldeekin ere ibili zen txirrindulari gipuzkoarra.
BARLOWORLDEKO EGUNAK
Hamarkada eskas horretan bereganatu zuen palmaresari dagokionez, garaipen nabarmen batzuk lortu zituen: 2001ean Palentziako Itzulian gailendu zen (amateur maila); profesionaletara pasatu zenean, 2003an Portugalgo Itzulian etapa bat irabazi zuen, eta 2005ean, berriz, bere kirol bizitzako garaipenik handiena erdietsi zuen, etapa bat irabaziz: Euskal Bizikletako etapa bat Murgian. Horrez gainera, Murtziako Itzulian ere etapa garaipena lortu zuen, Koldo Gil arabarrarekin helmugara elkarrekin ihes eginda iritsi ostean. Amets Txurruka Etxeberriko txirrindularia eta Igor Astarloa ermuarra taldekide eta lagun hartuta, Barloworld taldearekin ezagutu zituen Arreitunandiak bere kirol bizitzako egunik onenak.
Itzuli handietan ez zuen leku askorik izan. Hain justu, 2004ko Vueltako irteera lerroan izan zen, baina ez zuen proba amaitzerik izan, eta ez zuen ez Tourrean ez Italiako Giroan parte hartu.
Barloworld taldeak Ingalaterrako lizentzia zuelarik, 2007ko Tourrean aritzeko gonbita jasoko ote zuen oihartzuna eta zarata zabaldu zen denboraldi hartako hastapenean, baina mutrikuarrak «ilusio handirik» ez zuen egin nahi izan orduan ere, Pro Tour sortu berriak bere barruan zeuden taldeei lehentasuna ematen zielako.
«Pro Tourrekoek badakite zer egingo duten. Beste batzuk gonbidapenaren zain gaude, eta pena da. Ohituta nago. Dena den, lasterketak baditugu. Edonola ere, itzuli handiak oso garrantzitsuak dira, Giroa edo Tourra, batez ere, eta helburu nagusia izan daitezke», aitortu zuen euskaldunak elkarrizketa batean.
Eta bere susmo txarrak konfirmazioa izan zuen, tamalez, haren taldeak Tourreko errepideetan lekurik izan ez zuelako. 2007ko denboraldi horren amaieran, 33 urte zituela, Peio Arreitunandiak txirrindulari profesionala izateari utzi zion.
Lombardiako lurretan jokatu zituen bere kirol bizitzako azken lasterketak txirrindulari mutrikuarrak eta Coppa Placci lasterketan zortzigarren postuan amaituta eman zion azken agurra txirrindularitza profesionalari.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
