Martxelo DIAZ
DONOSTIA

1970ean Burgosen epaitutako Arantza Arruti borrokalari historikoa zendu da

Burgosen epaitua izan zen Arantza Arruti zarauztarra zendu zen atzo goizaldean, 79 urte zituela. 1960ko hamarkadan ETAn aritu zen emakume bakanetakoa, hainbat alditan espetxeratua eta torturatua izan zen. Bizitza osoan militantziari eutsi dio eta feminista sutsua ere izan da. Doluminezko mezuak zabaldu dira sare sozialetan.

(Andoni Canellada | FOKU)

 

1970an Burgosen epaitu zuten Arantza Arruti Odriozola zendu da. 1946an Zarautzen jaioa, 1960ko hamarkadan ETAn sartu zen, erakundeko emakume militante bakanetakoa zelarik. Burgosen epaitu zituzten beste bi emakumeak Ione Dorronsoro eta Itziar Aizpurua izan ziren. Geroztik, bizitza osoan militantziari eutsi dio. Gaixotasun luze baten ondorioz eman du azken hatsa, ostiral goizaldean.

Martin Garitano kazetariarekin 2016an Info7 Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez, garai haietan «abertzaletasuna eta langile mundua uztartzen zituen talde bakarra zen ETA». Aita langilea eta abertzalea zuen.

Hirutan atxilotu zuen Guardia Zibilak Arruti, eta torturak jasan zituen. 1968ko azaroan Goio Lopez Irasuegi senarrarekin batera atxilotu zuten. Haurdun zegoen, eta torturen ondorioz umea galdu zuen.

IRUÑEKO ESPETXETIK IHES EGITEKO SAIAKERA

1969ko urtarrilean Iruñeko kartzelan zen Arruti. Aske zegoen senarrak Xabier Izko de la Iglesiarekin batera espetxetik ateratzeko operazio bat antolatu zuen. Horretarako, espetxean zaindari lanak egiten zituen moja bat lotu zuen Arrutik, baina operazioa gaizki atera zen eta bertan parte hartu zutenak atxilotu zituzten.

Martuteneko espetxean ere mojak zaindari izan zituen Arrutik. Eta hitz argiak erabili izan ditu moja hauek definitzeko: «Torturatzaileak».

Burgosko auzian epaitu zuten Arruti, Lopez Irasuegi, Izko de la Iglesia eta beste kide batzuekin batera. Sei heriotza zigor ezarri ziren, tartean Izko de la Iglesiarena. Arruti izan zen absolbitu zuten auzipetu bakarra.

Senarra, berriz, espetxean geratu zen. 1977an Puerto de Santa Mariako espetxean zela, askatuko zuten berria jaso zuen Arrutik, eta mila kilometroko bidaia egin zuen bere bila. Chiclana de la Fronteran bi guardia zibili iseka egitea leporatuta atxilotu, eta Jerez de la Fronterako espetxean sartu zuten. Senarra atera zenean, emaztea kartzelan zen.

FEMINISMOAREN ALDE

Feminismoaren alde egin du beti Arrutik, aitzindari izan zen, Aizan! taldeko kide izan zelarik. «Gizartea antipatriarkala ez bada, gureak egin du», nabarmendu izan du. Bilgune Feministako kide izan da.

«Garai haietan denak ziren matxistak. Gizartea matxista zen, ETA matxista zen eta emakume gehienak matxistak ziren», esan zuen Iratzar fundazioak 2020an egin zion elkarrizketan. «Iraultza feminista izango da edo ez da izango», nabarmentzen zuen. Horren adibide bezala, Burgosko epaiketa nazioartean aldarrikapen ugari zabaltzeko erabili zela gogoratu zuen. «Abertzaleak, sozialistak, internazionalistak eta abar ginen. Baina emakumeen erreibindikazioak ez ziren aipatu», zioen.

1998an Gasteizko Parlamenturako hautagaia izan zen Euskal Herritarrok-ekin. Eta 2015ean hautagai izan zen berriz, EH Bilduren zerrendetan. Horrez gain, frantseseko eta ingeleseko irakaslea izan zen eta Osakidetzan haurtzain eta erizain laguntzaile gisa lanean aritu zen erretiroa hartu arte.

Doluminezko mezuak zabaldu dira sare sozialetan.