Peli LEKUONA
DONOSTIA

Euskal txahal haragiaren ekoizpena arriskuan dagoela diote

Euskal txahal haragirik gabe gelditzeko mehatxua oso erreala dela ohartarazi du berriki EHNE sindikatuak prentsaurreko batean. Alde batetik, txahal bat gizentzeko kostu altuak eta honen errentagarritasun falta daude. Bestetik, gero eta gehiago zabaltzen ari den gizentzeko txahalen esportazioa, bereziki Afrikako Iparraldera.

Bi kasuetan, ekoizle eta merkatari handiek markatzen dituzte jokoaren arauak, abeltzain txikien kaltetan. Urtez urte okertuz joan den fenomenoaren gako nagusien berri eman zuen atzo NAIZ Irratian EHNEren Gipuzkoako atalaren lehendakari Garikoitz Nazabalek, baita herritarrak hausnartzera deitu ere.

Azaldu zuenez, txahalen gizenketa bi fasetan banatzen da: jaiotza eta hasierako ekoizpena, «behiei dagokien arloa», eta amarengandik apartatzen direnetik aurrerakoa, bost eta zazpi hilabete artean. Momentu horretan erabaki bat hartu behar du baserritarrak, txekorra gizenduko ote duen ala ez. Eta erabakia hartzen du, baldintza ekonomikoak kontuan hartuta, «noski».

Izan ere, Nazabalek ohartarazi zuenez, txekor baten balioa eta gizendutako txekor baten haragiaren truke ordaintzen dena «ez da modu orekatu batean igo. Horregatik, gero eta jende gehiago ari da ez gizentzeko erabakia hartzen». «Arazoa ez da lehengaiak igo izana, baizik eta lehengai printzipala, txekorraren beraren kostua, disparatu egin dela. Gizentzeko txekorrik gabe gelditzen ari gara, eta ondorioz, haragirik gabe», gaineratu zuen, gutxienez haragi kiloko 8 euro ordaindu behar direla ohartaraziz.