GARA
BILBO

Maderas de Llodio enpresak kaleratze kolektiboa egiteko asmoa agertu du

Maderas de Llodioko langile batzordeari kaleratze kolektiboa egiteko asmoa duela jakinarazi dio enpresak, hitzarmen berria negoziatzen ari direnean. Gaur egun lantegian 151 behargin ari dira lanean eta zuzendaritzak ez du zehaztu zenbat kaleratu nahi dituen. Langileen ordezkaritzak adierazi du ez duela inolako kaleratzerik onartuko.

Maderas de Llodio enpresako artxiboko argazkia.
Maderas de Llodio enpresako artxiboko argazkia. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Kolpe berria etor dakioke azken urteetan albiste ekonomiko txarrak metatzen joan den Aiaraldea eskualdeari; izan ere, Maderas de Llodioko langile batzordeak ohar baten bidez jakitera eman du enpresarekin astelehenean izandako bileran jakin zuela zuzendaritzak kaleratze kolektiboa egin nahi duela. Bi aldeen arteko hurrengo bilera hilaren 9an egitekoak direla zabaldu zuen atzo Aiaraldea hedabideak.

Zuzendaritzak egindako iragarpenaren aurrean, lantegiko langile batzordeak, non LABek gehiengoa daukan, «kezka eta gaitzespen sakona» adierazi du. Prentsa ohar batean adierazi duenez, prozedura abiarazteko asmoa zehaztasun gehiago azaldu gabe jarri zuen mahai gainean enpresako zuzendaritzak, eta, gainera, «langileen egonkortasuna arriskuan jar dezaketen» beste neurri batzuk hartzeko asmoa ere ba omen dauka.

NEGOZIAZIO PROZESU BETEAN

Halaber, langileen ordezkaritzak Laudioko enpresak erabakia hartzeko hautatutako unea nabarmendu du, hitzarmenaren negoziazio-prozesu betean baitaude eta, adierazitakoaren arabera, hainbat puntutan adostasuna lortzen ari ziren. Ildo horretan, langile batzordeak salatu du astelehenean egindako iragarpenarekin zuzendaritzak «elkarrizketaren dinamika hautsi eta neurri zorrotz eta aldebakarrekoen aldeko apustua» egin duela, «zuzenean langileen etorkizu- naren aurka».

Era berean, langile batzordeari «guztiz onartezina» iruditzen zaio enpresak nola jakinarazi duen bere asmoa: «Bilerarik aurrez deitu gabe, xehetasun handirik eman gabe eta plantan zeuden ordezkariei modu inprobisatuan helaraziz». «Jokabide honek errespetua eta lan-harremanetan egon behar den gutxieneko formaltasuna urratzen du, bereziki garrantzi handiko komunikazioei dagokienez, larritasuna kontuan hartuta», salatu du igorritako oharrean.

Horren aurrean, Maderas de Llodio lantegiko langile batzordeak argi utzi du ez duela enpresan kaleratzerik onartuko eta horrelako edozein neurriren aurka borrokatuko dela. «Kaleratze kolektiboaren prozedura berehala erretiratzea eta hitzarmenaren negoziazioak premiaz berriz hastea exijitzen dugu; bertan jorratu behar dira plantillaren lan etorkizunaren nondik norakoak», azpimarratzen du atzo zabaldutako oharrean, eta jakinarazten du asteartean bertan helarazi ziola zuzendaritzari, idatziz, «neurri honen aurkako gure erantzun irmoa».

Horrekin batera, langile batzordeak iragarri du «lanpostu guztiak eta plantillaren eskubideak defendatzen» jarraituko duela eta bide horretan konpromiso irmoa duela. «Datozen egunetan langileen batzar orokorra deituko du batzordeak, egoeraren berri emateko eta neurri honi erantzun kolektibo egokia artikulatzeko», gaineratzen du.

Ikusteko dago ze bilakaera duen kaleratze mehatxuak, baina egikarituko balitz, beste albiste latz bat litzateke Laudiorentzat, Guardian-en itxiera ikusi berri duenean.