Martxelo DIAZ
«EKIN ETA BULTZA ASKATASUNERA» MANIFESTAZIOA

Txiki eta Otaegiren lekukoa gogo betean jaso du ERnaik

Milaka gazte mobilizatu ziren atzo Donostian Ernaik deitutako manifestazioan. Duela 50 urte Francoren diktadurak fusilatu zituen Txiki eta Otaegi gogoratu zituzten eta, beren borrokaren lekukoa jasoz, Euskal Herriaren independentziaren alde lan egiteko konpromiso irmoa adierazi zuten.

Milaka lagun bildu ziren Donostiako manifestazioan. Txiki eta Otaegiren memoria oso presente egon zen, bai ibilbidean, baita hitzartzean ere.
Milaka lagun bildu ziren Donostiako manifestazioan. Txiki eta Otaegiren memoria oso presente egon zen, bai ibilbidean, baita hitzartzean ere. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako banderan Orioren eta Arraun Lagunak taldearen garaipenak ospatzeko algara oraindik itzali gabe zegoenean, milaka lagun Gipuzkoako hiriburuko karriketan mobilizatu ziren atzo, Ernai gazte antolakundearen deialdiarekin bat eginez.

«Ekin eta bultza askatasunera» leloa zuen pankartaren atzetik abiatu zen mobilizazioa Bulebarretik, atzetik ikurrin eta Nafarroako bandera ugari zituztelarik. «Gazte borroka, gazte antolakuntza», «Independentzia», «Independentzia, sozialismoa» eta «Independentzia, feminismoa» oihukatu zuten Hernani kalean barrena. «Palestina askatu, Israeli boikot» aldarrikapena ere entzun zen ibilbidean.

TXIKI ETA OTAEGI GOGOAN

Askatasunaren etorbidea eta Bergara kaleko kantoian Txiki eta Otaegiren bi irudi atera zituzten bide erdira, Mikel Laboaren doinuekin eta bengalekin batera. Txalo zaparrada beroa entzun zen bertan, «Herriak ez du barkatuko» bezalako oihuekin batera. Puntu horretan manifestazioa jendetsua zela argi ikus zitekeen. Askatasunaren etorbideko eskuineko errei guztiak hartu zituzten manifestariek, Hernani kalean ere batzuk bazirelarik.

Bulebarrera heltzeko, manifestazio alboetan kolore gorriko bengalak piztu zituzten.

Manifestazioaren ondoko hitzartzean, duela 50 urte Euskal Herriko bi gazte, Txiki eta Otaegi, faxismoak fusilatu zituela gogoratu zuen Amaiur Egurrolak, gazte erakundeko bozeramaileak. «Erail zituzten, baina helburua ez ziren haiek. Txiki eta Otaegi erailtzea erregimen frankistarentzat bitarteko anker hutsa zen. 16 tiro horien bitartez ez zuten soilik bi gazte horien bizitzarekin amaitu nahi izan. 16 tiro horiekin Euskal Herriarekin amaitu nahi zuten, gure herria ito, eta herritarrei izua sartuz, herri nahia akabatu. Tiro horiek Euskal Herriaren ukapena betikotu eta jendartea eraldatzeko aukera guztiekin amaitzea zuten helburu», azaldu zuen.

«MILAKA GARA»

Helburu hori ez zutela lortu eta egungo gazteak ere Euskal Herri aske baten alde borrokatzeko prest direla aldarrikatu zuen. «Milaka gara, Txiki eta Otaegi gogoan, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan ari garen gazteak. Prestatu zaitezte, min egin diguzuelako; bai, Txiki eta Otaegi erail zenizkiguten, baina Euskal Herriko gazteok inoizko determinazio handiena dugu Euskal Herri independente, sozialista eta feminista irabazteko. Eta hori da, hain zuzen, beraiei amorru gehien ematen diena. Guk borrokatzea, gure borrokaren bitartez egun bizi garen mundua aldatu ahal izatea. Guk ez dugulako borroka egiten Txiki eta Otaegi erail zizkigutelako soilik, borrokatzen dugulako, borrokatu zutelako erail zituzten Txiki eta Otaegi. Eta jarraituko dugu, borrokan, borrokan eta borrokan, Euskal Herria askatu arte. Gora euskal gazteria!».

Lehen faxismoaren kontra zeudela esaten zuten batzuk egun gertatutakoa gogoratzearen aurka daudela salatu zuen. «Argi geratu da gure borrokarako grinak batzuei sorrarazten dien amorrua. Paradoxa argigarria bizi izan dugu uda honetan zehar; 75ean Txiki eta Otaegiren erailketen aurka agertu ziren horiek, Txiki eta Otaegi erail zituztenekin batera, ezkerreko independentiston aurkako oldarraldia jarri dute martxan. Hain zuzen, Txiki eta Otaegiren figura baliatuz. Baina ez, oraingoan ere ez dute lortu. Txiki eta Otaegiren aurka egiterakoan, gakoa ez dira haiek. Txiki eta Otaegi proiektu politiko oso baten aurka egiteko baliatu dituzte».

Gauzak horrela, independentziaren aldeko hautu garbia defendatzen du Ernaik. Egurrolak azaldu zuenez, «independentzia da bizi ditugun garaiotan bide bakarra. Independentzia da Euskal Herriaren biziraupena bermatzeko aukera bakarra. Honek, bizi dugun testuinguruan, inoizko premia handiena du. Euskal Herria ukatua da eta Euskal Herritarron erabakitzeko eskubidea debekatua da. Ez dugu gure herriaren eta bizitzen inguruan esku-hartzerik gabe erabakitzeko eskubiderik. Eta horrek gure herria odolusten du». Salatu zuenez, «euskara, debekatua da gure herriaren territorio erdian, eta debekatua ez den leku horietan etengabeko atzerapausoak bizi ditugu. Epaitegietatik, instituzio eta zenbait alderdiren egoitzetaraino doan oldarraldi bat dute martxan. Eta gainera, batzuk pribilegioez ari dira. Hemen pribilegioa ukatua ez den herri batean bizitzea da».

Independentziaren aldeko hautu hori ikuspegi internazionalista batetik ere berretsi zuen. «Independentzia da baita ere bizi dugun munduan inongo zapalkuntzarik gabeko jendartea eraikitzeko bidea. Munduan zehar, kaosa da nagusi. Krisia, gerra, oldarraldi erreakzionarioa. Finean, sistema kapitalistaren azken hamarkadetako ereduaren agorpena eta agertoki bortitzago baten hasieraren aurrean gaude. Alegia, gazteak eta oro har herri sektoreak zapaldu eta are babesgabeago utziko dituen olatu oso bat. Horren aurrean, bi aukera besterik ez zaizkigu geratzen; ezer ez egitea eta basakeria onartzea, edo pauso bat aurrera eman eta zapalkuntzarik existituko ez den jendartearen alde borrokatzea. Esan beharrik ez dago hemen gauden guztiok gure onena emateko prest gaudela, egoera hau irauli eta mundu berri bat eraikitzeko. Eta jakin badakigu, gurean, Euskal Herriaren askapen prozesua muturreraino eramatetik igarotzen dela. Independentzia delako, Euskal Herrian sistema kapitalista pitzatu, eta zapalkuntza ororen gainditzera bidean egin dezakegun ekarpena».

Txiki eta Otaegiren borroka eta gaur egungoak lotzen dituen katea «luzea eta indartsua dela» nabarmendu zuen. «Hamarkadaz hamarkada herri honetan beste Euskal Herri bat, beste mundu bat eraikitzeko baldintzak landatu dira. Jai herrikoietatik Lemoizen aurkako borrokara, euskaren aldekotik borroka feministara edota agertoki demokratikoaren aldekora. Horrela, gaur da eguna, zeinetan, La Vuelta gelditu eta genozidei planto eginez, mundura esperantzarako oihu bat zabaltzen duguna».