EDITORIALA

Lau egun egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatzeko

Gaurko egunez hil zen Gurutze Iantzi 31 urteko urnietarra, duela 32 urte. Guardia Zibilak indarrez eramanda, Madrilgo kuartel batean eman zuen azken hatsa hurrengo egunean. Berrogei urte beteko dira bihar Espainiako Barne Ministerioaren soldatapeko GALeko mertzenarioek lau euskal errefuxiatu hil zituztenetik Baionako Monbar hotelean: Jose Maria Etxaniz, Iñaki Asteasuinzarra, Agustin Irazustabarrena eta Sabin Etxaide. Biharamunean, irailaren 26an, Mikel Zabalza atxilotu, torturatu eta hil zuen Guardia Zibilak. Larunbatean, berriz, 50 urte izango dira Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militante fusilatu zituztela espainiar Poliziako eta Guardia Zibileko hainbat boluntariok. Lau egunotan hainbat ekitaldi izango dira Estatu terrorismoaren lagin txiki bat baino ez direnak oroitzeko.

Gaurtik asteburura bitartean izango diren ekitaldi horiek, urteak eta hamarkadak igarota ere, aldarrikapena ere izango dira; egia, justizia eta erreparazio eskaera, hain zuzen. Bidegabekeria horiek onartzen hasi dira zenbait instituzio; berandu, gogoz kontra eta herritarren presiopean bada ere. Estatuei dagokienez, beren erantzukizuna saihestu ez ezik, Iantziren, Zabalzaren, Monbarreko hildakoen, Txiki eta Otaegiren eta estatuaren indarkeria askotarikoaren biktimen hurkoek bezala euskal herritar gehienek ere eskatzen duten egia, justizia eta erreparazioa oztopatu ere egin izan dute.

Esan bezala, urrats garrantzitsu batzuk egin dituzte zenbait instituziok, baina urriak izateaz gain, ez daude bermatuta, Gogora Institutuko zuzendariak eta zenbait politikarik erakutsi duten bezala, Txiki eta Otaegi torturaren eta inolako bermerik gabeko epaiketaren biktima gisa onartu arren haien hiltzaileen eta erantzule frankisten pare jarriz, haien borrokaren zilegitasuna ukatuz eta borrero eta erantzule haien inpunitateari ez ikusia eginez. Aste honetan oroituko diren horiek eta beste hainbat herritarrek bidegabekeria bera jasan zuten, baita horren erantzuleen inpunitate bera eta Estatuaren diskriminazio bera ere. Kezkagarria da oso hori salatu behar lukeenak horrekin bat egitea, egia, memoria, justizia, erreparazioa eta bizikidetzarako bidearen kontrakoa baita.