«Euskal Herrian historiak ahaztutako pertsonaia asko daude, zoritxarrez»
Euskal zinema momentu onean dagoela uste du Joseba Usabiagak (1981, Tolosa). Aurten Zinemira sailean ikus daitekeen «Ombuaren itzala» filmeko protagonista da, Pedro Mari Otañorena eginez. Baliabide asko dituzten filmetatik haratago, ikusteko hamaika istorio interesgarri daudela aldarrikatu du.

Auzolanean ondu du Patxi Bisquert zinema zuzendariaren taldeak “Ombuaren itzala” filma, helburu argi batekin: Pedro Mari Otaño bertsolaria berpiztu eta datozen belaunaldiei nor izan zen erakustea. Joseba Usabiaga arduratu da Otaño gorpuztu eta berpizteaz, eta garaiaren eta bertsolariaren erretratu fin eta landua erakusten du filmak. Aurrez, lagundu duten herrietan aurkeztu bada ere, gaur proiektatuko dute pantaila handian, Zinemira sailean.
Aspaldi hasi zen Bisquert zuzendaria film hau lantzen. Heldu da pantailara. Nolakoa izan da ibilbidea?
Hasi ginenetik denbora asko pasa da. Patxi nirekin harremanetan jarri zen ea egin nahiko nukeen Otañorena. Datak zehaztu eta Argentinara joan ginen lehendabizi hamar egunez, eta gero beste hilabetez Euskal Herrian grabatu genuen; hori jada duela urte eta erdi izan zen. Auzolanean parte hartu duten herrietan eman da, eta orain, beste baldintza batzuetan abiatuko du aretoetako bidea.
Argentinako esperientzia zer nolakoa izan zen?
Ona. Euskal Herritik jende gutxi joan ginen Argentinara, bost bat lagun; han bertako jendearekin lan egin genuen. Mimoz egindako produkzio txiki bat da, baliabide asko gabe, baina oso lan txukuna eta duina atera zen.
Zuen helburuetako bat Pedro Mari Otañoren berri ematea zen. Ikus-entzunezkoak izan daitezke transmisio horretarako bide?
Guk Pedro Mari Otaño ez genuen ezagutu. Duela ehun urte hil zen, eta bere irudi oso gutxi daude; fisikoki nolakoa zen badakigu, baina bere izaera zehaztea, esaterako, oso zaila zen. Lazkao Txiki edo Txirrita nolakoak ziren definitzea errazagoa da, baina Pedro Mari Otañoren garaia ez dago iruditan, bere bertsorik ez dago grabatuta.
Bera izan zen bere bertsoak idatziz jaso zituen lehen bertsolaria, bertso paperak idazten. Oso bertsolari kultoa zen; garai horretan gutxi ziren halakoak. Gainera, asmarekin-eta eztarriko arazoak zituenez plazan kantatzeko, idaztea erabaki zuen. Nik uste dut Patxik irudi hori hartu nahi izan duela, nola bertso munduan aitzindari bat izan zen. Berak bere bertsoak idatzi zituelako abesten ditugu gaur egun asko, eta istorio hori islatu nahi izan du zuzendariak.
Otañoren audiorik ez dago, baina filmean dexente kantatzea egokitu zaizu. Nolakoa izan da prestaketa?
Zuzendariarekin eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariarekin batera (hau ere filmean ageri da) landu nuen; zein melodia, zein tonu eta zein ahoskera zehaztu zidaten.
Zuk lehenagotik ezagutzen al zenuen Otaño edo bidean deskubritu duzu?
Ni ere deskubritzen joan naiz. Banekien Zizurkilen eskolak eta plazak bere izena dutela, baina zehazki nor zen eta zein ibilbide egin zuen ez nekien, zergatik joan zen Argentinara, zergatik itzuli zen… Hori dena bidean ezagutu dut, eta, nik bezala, jende askok. Tolosarra naiz eta Tolosa inguruan ere jende gutxik daki zehazki Pedro Mariren bizitza. Askotan hori gertatzen da, plaza batek izen bat du, baina ez dugu jakiten zein zen pertsona hori. Euskal Herrian zehar pertsonaia asko daude zoritxarrez ahaztu egiten direnak historian zehar.
Euskal Herriko garai haren erretratua ageri da, tartean kulturgileen egoera prekarioa, zeina oraingo egoerarekin ere konparatu eta hausnarketarako eman dezakeen…
Emango du hausnarketarako. Otañok gauza asko, eta gehienak, debalde egiten zituen, auzolanean: batek eskatu eta berak egin, dirurik ez zuen eskatzen, umila zen… Eta euskal kulturan hori asko praktikatu izan da. Gauzak aldatzen ari dira, eta jada jendea kontziente da gauzak duintasunez ordaindu behar direla. Gu lanean ari gara, gauza asko debalde egiten ditugu gustuz, baina ordaindu behar denean ordaindu egin behar da. Urtez urte hobetzen ari gara horretan eta kontziente gara horretaz.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
