ALAIA SIERRA
DONOSTIA

Prosara salto egin du Josu Goikoetxeak «Lakioa» ipuin liburuarekin

Poema liburuak idatzi ondoren, Josu Goikoetxeak “Lakioa” dakar oraingoan, Elkar argitaletxearekin kaleratu berri duen ipuin liburua. Joseba Jaka bekarekin atera du eta, atzo aurkezpenean nabarmendu zuenez, bertsolaritzan gai-jartzaile ibilita egindako lanak asko lagundu dio idazterakoan.

Josu Goikoetxeak «Lakioa» liburua argitaratu berri du.
Josu Goikoetxeak «Lakioa» liburua argitaratu berri du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘‘Lakioa’’ da Josu Goikoetxea idazlearen lan berria; ipuin bilduma bat, poesia idatzi ondoren. Bederatzi istorioz osatuta dago, guztiak desberdinak elkarren artean, eta familia harremanak, euskararen galera eta iraupena, bertsoak, iraganeko maitasunak, klase sozialak eta arrakalak jorratzen ditu, besteak beste.

Atzo aurkeztu zuen Donostian Elkar argitaletxearekin argitaratutako lan hau, Xabier Mendiguren editoreak lagunduta. Azken honek azpimarratu zuenez, ‘‘Lakioa’’ «aspaldiko euskal literaturako ipuin libururik potenteena» da. Gainera, lehiaketa irabazi izanaren garrantzia nabarmendu zuen, ez baita ohikoa ipuin liburu bat garaile izatea.

Izenburua azaltzen hasi zen Goikoetxea. «Lakio» hitza, berez, hegaztiak eta animalia txikiak harrapatzeko sokaz egindako tranpa bat izendatzeko erabiltzen da. Kasu honetan, baina, «pertsonok ditugun iraganekiko edo sorterriarekiko emozioak» dira. «Batzuetan lasaiagoak dira, baina denok daukagu bat, gure sentimenduak neurri batean edo bestean markatu dituena», gaineratu zuen.

Josu Goikoetxeak, kazetaria ere badenak, bertso mundua duela urte batzuk utzi bazuen ere, bi hamarkada gai-jartzaile gisa «pertsonaiak asmatzen» eman izanak orain egindako lana erraztu dio, bere esanetan.

Horrekin batera, «bertsoen munduak eman dit euskara zuzen adierazteko gaitasuna eta oso eskertuta nago», esan zuen.

Liburuan lantzen diren gaiak «gogorrak» direla ohartarazi zuen. Horregatik beragatik, «zinikoa ez izaten» saiatu da, «egiazkoak» diren emozioak paperera eramanda, enpatiaz».

Gaiak tentuz lantzeko, hain zuzen, adjektibazioaz baliatu da idazlea. Poesia idaztetik dator, baina orduan baino «askoz gehiago» erabili ditu adjektiboak oraingo honetan. Itzulpengintzan egindako lana alde horretatik laguntza handikoa izan dela esan zuen aurkezpenean.

Horretaz gain, ipuinetan pertsonaiak mugitzea gustatzen omen zaio, «mugimenduak emozioa sortzen duelako eta emozioak mugimendua». Hortaz, Euskal Herriko toki ugarirekin topo egingo du irakurleak Goikoetxearen orrialdeetan zehar: Urdaibai, Araba, Nafarroa, Gernika, Busturialdea, Meñaka, Muxika, Ezkerraldea, Eskuinaldea eta Bizkaia zubia, beste askoren artean.

Prozesua «motela» izan dela esan zuen idazleak, ipuinen paragrafo bakoitza arreta handiz ondu ei duelako. «Nik ez dut gozatzen idazterakoan, antsietatearen eta euforiaren arteko nahaste bat delako», aitortu zuen Josu Goikoetxeak, batzuetan ideiak eta hitzak burura etortzea zaila dela gaineratuz.