Arnaitz GORRITI
EMAKUMEEN ENDESA LIGA

Sufrimenduaren ondorengo gozamena Araskirentzat izan da Lointek Gernikaren aurka

Atsedenaldira arte bizkaitarrak aurretik izan ziren, baina ostean, Lahtinen eta Jourdainen bidez, gasteiztarrek derbia beren aldera irauli zuten.

Araskiren defentsak Lointek Gernika Bizkaia ito zuen.
Araskiren defentsak Lointek Gernika Bizkaia ito zuen. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Sufrimenduari zentzua aurkitzen badiozu, gozamen bihurtzen da azkenerako», dio Dusko Ivanovicek, eta Montenegroko entrenatzaileari hitza hartuta, sufrimenduaren bidetik irabazi ditu Kutxabank Araskik Emakumeen Endesa Ligako aurreneko bi jardunaldiak. Perfumerias Avenidari 57-56 irabazi zion joan zen asteburuan, eta denboraldiko aurreneko euskal derbia bide berberetik, alde handixeagoarekin, atera zuen atzo Lointek Gernika Bizkaiaren aurka.

Nolanahi ere, Lointek Gernika Bizkaiak izan zuen berdinketa erdiesteko aukera. Emily Bessoir alemaniarrak ez zituen alferrik 17 puntu sartu, baina ezin izan zuen nahi bezain eroso jaurtiketa egin, aurkari bat gainean zuelako.

Izan ere, Esther Castedo antolatzailea izan zen Lucas Fernandezek aukeratu zuen jokalaria luzapena bilatzeko, baina Montse Brotons Kutxabank Araskiko pibot katalanak bikain defendatu zuen Castedo, eta honek ezin izan zuen Bessoir bilatu beste aukerarik, jarraitzeko.

Bizkaitarren zoritxarrerako, alemaniarrak ez zuen asmatu, eta, azken errebotea eskuratutakoan, sufrimenduari gozamena aurkitu zioten gasteiztarrek.

Hirugarren laurdenera arte bizkaitarrak aurretik izan ziren, baina atsedenalditik bueltan, Lahtinen eta Isabela Jourdainen puntuei esker, etxekoek aurrera hartu zuten, eta ez zioten garaipenari ihes egiten utzi.

IDK EUSKOTREN, GALTZAILE

IDK Euskotrenek, bestalde, lan txarrak zituen Valentzia Basket liga txapeldunaren kantxan. Azkenean 69-54 galdu bazuten ere, duintasun handiz jokatu zuten gipuzkoarrek, hirugarren laurdenean 27-31 irabazten egon zirela.

Tamalez, dema luze egin zitzaien Azu Muguruzaren jokalariei. Awa Fam eta Abdelkader ezin izan zituzten gelditu eta hirukoetan asmatu ezina larrutik ordaindu zuten.