GARA
DONOSTIA

Zapiain, Biguri, Albizua eta Del Castillo ere, Euskadi Literatura saridun

Aurtengo Euskadi Literatura saridunen zerrenda itxi dute. Markos Zapiainek euskarazko saiakeran («Txillardegi hizkuntzalari») eskuratu du, Koldo Bigurik itzulpengintzan («Arturoren uhartea»), Garazi Albizuak espainierazko literaturaren arloan («Termita») eta Itxaso del Castillok espainierazko saiakeran («Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror»).

Lau sarituak, Gasteizeko iragarpen ekitaldian.
Lau sarituak, Gasteizeko iragarpen ekitaldian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Aurtengo Euskadi Literatura saridunen zerrenda atzo itxi zuten Gasteizen egindako ekitaldian ezagutzera eman zituzten lau sarituekin.

Euskarazko saiakeraren Euskadi Saria Markos Zapiainek jaso du, ‘‘Txillardegi hizkuntzalari’’ (Elkar) obrarekin. «Lan hau ez da Txillardegiren inguruan argitaratu diren obren artean bat gehiago, haien neurria eman dezakeen testua baizik», adierazi zuen epaimahaiak, eta nabarmendu zuen Zapiainek hizkuntzatasunaz eta euskal hizkuntzaz, eta horien gainean ardazten diren psikologiaz, antropologiaz, soziolinguistikaz edota politikaz, Txillardegiren iturri intelektualak zeintzuk diren argitzen duela.

«Saiakeragileak jatorrizko testuak ezagutu eta gerturatzen ditu, prosa zuzen eta didaktikoan, eta Txillardegiren idatz-esana ulertzeko gakoak eskaintzen dizkigu, atalez atal. Atal bio-bibliografikoak Txillardegiren ideia eta proposamen teorikoetara hurbiltzeko saiakera aberasten du. Liburua pentsalari eta ekintzailearen obran murgiltzeko gida aproposa izan dakioke irakurleari», gomendatu zuen.

Itzulpengintzaren arloko saria Koldo Bigurik eskuratu du, «bikain» euskaratu duelako Elsa Morante italiarraren ‘‘Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak’’ (Erein eta Igela) eta «oreka egokia» lortu duelako jatorrizko lanari zor zaion fideltasunaren eta xede-testuak helburu duen irakurgarritasunaren artean.

Epaimahaiaren hitzetan, «azpimarratzekoak dira erabili duen euskararen zuzentasuna, batuari han eta hemen gehitu dizkion ukitu dialektalak, lexikoaren hautaketa landua, irakurketa gozagarri egiten duen sintaxi arin baina aldi berean jasoa eta elkarrizketetan lortu duen erritmo bizia».

Espainierazko literaturaren arloan Garazi Albizua santurtziarraren ‘‘Termita’’ nobela izan da saritua. Lan honetan, gizarteak bazterrean nahi duen emakume ez normatibo bat, teleoperadore lanaren trukean jasotzen dituen 900 euroek amonaren etxean bizitzera kondenatu dutenaren gaineko kontakizuna egiten du autoreak eta, hiru belaunaldien arteko korapiloak askatuz, herentzia emozionalen gaineko gogoeta eskaintzen du.

Epaimahaiak azaldu zuen Albizuak «ahots berri, lotsagabe eta deserosoa» dakarrela literaturara. «Haren prosa bihurri eta zehatza urrundu egiten da amatasunaren eta zaintzaren betebeharrari buruzko irudi erabat adostuetatik. Haren metafora gogorrek leialtasunari, adiskidetasunari eta biziraupenari buruzko pertzepzio finak gorpuzten dituzte. ‘‘Termita’’, beraz, diskurtso sozial hegemonikoei kontrajarritako kontakizunak planteatzen dituen apustu berritzailea da», ohar egin zuen.

Espainierazko saiakeran, bestetik, Itxaso del Castillo izan da saritua, ‘‘Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror’’ (EHU) lanarengatik. Epaimahaiak adierazi zuen lan honek gai original bat jorratzen duela: beldurrezko zinema garaikidean munstro femeninoen analisia, munstroek, egilearen beraren hitzetan, «feminitatearen eta gorputzarekin eta boterearekin duten harremanaren definizio kontraesankorrak kristalizatzen» dituztela azpimarratuz.

Epaimahaiaren iritziz, «beldurrezko filmak ez dira gizarte eraldaketatik kanpo geratzen; aitzitik, haietan aktiboki parte hartzen dute, beren garaiko tirabira eta erronkekin solasean aritzen diren kultura produktuak baitira. Liburu hau sormen artistikoaren, kritika kulturalaren eta aldaketa sozialaren elkargune horren isla da».

Lau sarituen jakinarazpenarekin osatu dute aurtengo Euskadi Sarien zerrenda, joan den astean iragarri baitzituzten beste hiru sarituak: Unai Elorriagaren ‘‘Francesco Pasqualeren bosgarren arima’’ liburuak irabazi du aurtengo Euskadi Literatura Saria euskarazko literaturaren arloan, Karmele Mitxelenak Euskarazko haur eta gazte literaturaren sailean eta Maite Rosende ilustrazioan.