GARA
KABUL

Su etena adostu dute Afganistan eta Pakistanek tentsioa baretzeko

Tehreek-e-Taliban Pakistan (TTP) talde armatuaren jarduera eta Afganistanek ematen dion babesa dela-eta, gatazka berpiztu da Afganistanen eta Pakistanen artean. 2021etik liskarrek izan duten goraldi handienaren ostean, bi herrialdeek 48 orduko su etena adostu dute.

Gerrillari taliban bat telefonoz hizketan mugatik hurbil.
Gerrillari taliban bat telefonoz hizketan mugatik hurbil. (AFP)

Ezegonkortasuna handitu da berriro Afganistan eta Pakistan arteko mugan. Atzo Pakistango agintariek baieztatu zuten 15 eta 20 borrokalari afganiar artean hil dituztela, talibanen indarrei egotzi ostean «eraso probokatu gabea» egitea. Handik gutxira, bi herrialdeek 48 orduko su etena iragarri dute, 2021ean talibanen erregimenak Kabul berriro hartu zuenetik izandako tentsio unerik handiena eteteko asmoz.

Halako erasoak, ordea, ez dira berriak. Iragan ostegunean Afganistanek Pakistani Kabul hiriburua bonbardatzea leporatu zionetik, bi aldeek erasoak abiatu dituzte Khyber Pakhtunkhwa, Paktika eta Balutxistan mugako eskualdeetan.

Gutxienez 58 soldadu pakistandar hil ziren larunbat gauean «errepresaliaz» eginiko erasoetan; hori eman zuen aditzera talibanen gobernuko bozeramaileak, Zabihullah Mujahidek. Pakistango Armadak, ostera, 23 soldadu galdu zituela onartu du, eta 200 taliban eta bestelako “terrorista” hiltzea lortu duela baieztatu du. Datuen dantza gorabehera, gertakarien atzean Tehreek-e-Taliban Pakistan (TTP) talde armatuaren jarduera dago, horren helburu nagusia Pakistango Gobernua boteretik kentzea baita.

Azken hilabeteetan TTPk eta beste talde batzuek Pakistanen eraso gehiago egin izanak eta, Islamabaden arabera, Afganistanek taldeari babeslekua eman izanak tentsioa areagotu dute, nahiz eta oraingoz egoerak etenaldi bat izan. Kabulen egindako bonbardaketa batean TTPko buruzagia, Noor Wali Mehsud, hiltzeko ahalegina erabakigarria izan zen. Gaur egun, Pakistan da eraso armatu gehien pairatzen duen munduko bigarren herrialdea, Burkina Fasoren atzetik.

Kabulgo erasoaren bidez, Pakistanek argi utzi nahi izan du: Afganistango talibanek beren lurraldeko talde armatuak kontrolatzen ez badituzte, Pakistan ez da duda-mudan ibiliko Afganistanen barruan erasoak egiteko. Hala ere, arazo nagusietako bat hurrengoa da: TTPk talibanen lerroetan duen babesak talde horiek jarrera pasiboa hartzera eramaten dituela.

Balak eta fusilak aparte utzita, bi herrialdeen arteko mugako ohiko joan-etorriak ere eten egin dira, bi gobernuek erasoen ondorioz muga ixtea erabaki ostean. Puntu kaltetuenetako bat Torkhameko pasabidea da, ezinbestekoa baita bi nazioen arteko merkataritzarako. Aurretik ere itxi izan du Pakistanek pasabide hori, Durand lerroko istilu txikien ondorioz, baina inoiz ez gaur egungo liskarren tamainako tentsio egoeran.

Tentsioaren gorakada nahiko sinesgaitza da; izan ere, Pakistango Armadak talibanen gerrillaren indarren aurrean nagusitasun argia du gaitasun militar eta estrategikoari begiratuta. Nolanahi dela ere, datorren larunbatean amaituko den su etenak zehaztuko ditu buruzagien hurrengo urratsak.