«Nor naizen baneki», norbera eta herria induskatzeko tresna
Antzoki batean sartzeak zirrara sortzen du beti. Nolanahi dela, Axut eta Artedrama konpainiek elkarlanean gaur iluntzean Luhuson aurkeztuko duten «Nor naizen baneki» antzezlanaz ohartarazpen berezi bat egin dute: «Inor ez da zauririk gabe aterako». Nork bere buruari eta gure herriari begiratzeko parada izango baita.

Nor naizen baneki”. Hori da Axut eta Artedrama konpainiek elkarlanean gaur Luhuson aurkeztuko duten antzezlanaren izena, eta askok argitu nahiko luketena ere bai. Asteon azken egonaldia egiten izan dira Luhuson, eta neke aurpegiarekin baina pozik eta kafea eskuan ireki zizkiguten Harri Xuri antzokiko ateak. Estreinaldirako «hiru lan egun» falta zirela zioten ahots urduriez.
Hutsik daude besaulki gorriak alde batean, eta bestean, oholtza hutsik; antzezleen arropekin, bakoitzak berea txukun-txukun. Philippe Ducouren esanetara lehen beroketak egin dituzte. Objektuei «harrera egiten» ikasten ari dira, baldeak, kaxak, makilak edo betaurrekoak eskutik eskura pasatuz. Azken lanean eragina izango du. Gaurtik aurrera ulertuko du ikusleak zertan zebiltzan Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreak.
Ximun Fuchsek nahiago du «eramaile» titulua «zuzendariarenaren» aldean, eta berak azaldu digu obraren funtsa: «Antzoki bat erauntsi nahi da aparkaleku bat egiteko; eraikin publikoak desegiten direnean, behartuak dira -ez dute beti egiten baina behartuak dira-, indusketa prebentibo bat egitera, eta hori da istorioaren funtsa. Antzokia induskatzen hasten dira eta hainbat istorio agertzen dira bertan».
Induskatzaileak dira aktoreak, lur koloreak zein kolore gorrixkak dituzte soinean. Idoia Tapiak azaldu du Aranzadi Elkartearekin elkartu direla beraien lanaren inguruan gehiago jakiteko asmoz. «Beraiekin harremanetan gure zulora sartu gara, beraiek nola egiten duten lan ikasteko. Interesgarria izan da, elkar elikatze bat egon delako, eta uste dut eman dizkigula indusketarako klabeak». Gorputzak ere ikasi behar izan du, eta hori ere landu dute induskatzaile zein koreografoekin.
Eta zein antzekotasun topatu dituzte bi langintzen artean? «Beraiek arrasto humanoak interpretatzen dituzte. Eta hori da antzerkiaren ahala, bizitzan ikusten ditugu gauza batzuk eta horiek interpretatzen ditugu, gero herriari transmititzeko». Eramailearen ustez, arazoak ere berberak dituzte: denbora eta dirua. «Arkeologia, kultura bezala, prekaritate handi batean bizi da. Artea edo zientzia euskaraz egitea oso konplikatua da, eta aldi berean segitzen da lan hori egiten, historia eta istorioak transmititzeko», eta egin izana txalotzen du.
IRULEGITIK SELFIETARA
Harkaitz Cano eta Fuchs istorioa idazten hasteko txinparta Irulegiko Eskua izan zen. «Gizartearen idazkariak» direla uste du antzerkigile baxenabartarrak, eta brontzezko eskuak izandako garrantzia azaldu du: «Irulegiko Eskuarena gertakari handi bat izan zen. Ez bakarrik arkeologikoa, soziologikoa ere izan zen. Euskal komunitatea garai batez mozkorraldi handi batean bizi izan zen, poza eta harrotasuna berpiztu ziren». Eta ebidentzia bat egiaztatu zela uste du, modu batean edo bestean izendatu, «aspalditik hitz egiten dela euskaraz».
Antzokian topatutako objektuen istorioak, arkeologoen istorioak, eta Irulegiko Eskuaren garaitik gaur egunera arteko loturak kontatzen dira antzerkian, jauzika, batetik bestera; «loturak badaudelako», baieztatu dute.
Bidean taldeko partaideek argitu ote dute nor diren? Irriñoa ahoan, erantzun du Tapiak: «Niretzat antzerkia egitea bera ere bada barne indusketa bat. Besteen azalean jartzen garen honetan, zure buruaren gauza asko deskubritzen dituzu. Ez dut uste iritsiko garenik osoki nor garen jakitera. Garen gauza asko kontatzen ditugu oholtzan, baita ez garenak ere. Galdera irekitzen dugu, eta uste dut hori dela interesgarriena». Ba al dakigu nor garen?
Bilaketa horren ibilbidea egingo dute, antzoki biluzia «objektu arkeologiko» gisa tratatuz. Bi «trikimailu» erabiliko dituzte oholtza hori janzteko, zuzendariaren hitzetan: «Ez da eszenografiarik, ez da ezer, dena arkeologoen hipotesi bat da. Horretarako bi trikimailu erabili ditugu: argia eta soinua. Erronka handia da hori, eta esperimentazioan ibili dira. Laser teknologia eta bideo proiekzioak ere erabiliko dituzte. Eta kantu zein dantza oso garrantzitsuak izango direla aurreratu dute: «Ez da askotan ikusten horrelako forma bat: aktore asko eta forma erradikal bat, hori dena erakusteko».
Azken egunetan kontu teknikoak fintzen dabiltza Harri Xurin. Gauza batzuk «bidean» daudela aitortu du Tapiak, baina uste du hori aberatsa dela. Biran ere «gauzak ez izoztea» dela interesgarriena uste du: «Aktoreak erraz akomodatzen gara, eta uste dut teknikoki oso zehatzak diren gauzetan adi egoteak aktibo mantenduko gaituela, eta beti deskubritu nahian, indusketa egin nahian».
EUSKARA BETEAN
Axut eta Artedramaren elkarlana 2010ean abiatu zen. Euskal antzerki garaikidea eta herrikoia helburu, bi galdera izan ohi dituzte jomugan: Nori mintzatzen gatzaizkio? Nori eskaintzen diogu gure ondasun guztia? Eta horri tiraka, euskara betean egiteko apustua; «euskara hutsean baino, euskara betean ekiten dugu, ez garelako hutsetik mintzo, betetik baizik».
Kulturgileen apustua argia da, baina, Fuchsen ustez, «egoerari buelta ematea» ez da politikoki asmatzen ari. Eta hausnartu du: «Arnasguneak hemendik hamar urtera desagertuko direla diote. Beraz, geratuko diren arnasgune bakarrak euskal kulturari lotuta diren ekimenak izango dira. Ez dugu beste aukerarik: euskaraz arnastu nahi badugu , momenturen batean antzokira joan beharko dugu. Publikoari arnasteko aukera bat eskaini nahi genioke, eta espero dugu jendeak erratea: ‘hau nire istorioa da’, zentzu intimoan eta komunitarioan. Gure herriaren historia kontatzen dugu, familiatik kontatzen dugu asko, intimotik kontatzen dugu. Ez da panfleto bat; emozioekin, umorearekin, tragediarekin… kontatzen dugu».
Antzokiak diren arnasguneek «bereziak» izan behar dute zuzendariaren ustez, euskal herritarrek merezi dutelako: «Ez gara azpi-humano bat, euskaldun edo euskaltzale bezala, zeren ez dira euskaldunak bakarrik etorriko, euskara maite dutenak, oraindik euskaraz ez dakitenak ere etorriko dira. Eta sentitu behar dute: ‘Ni pertsona berezi bat naiz. Merezi dut eta badut nire lekua munduan’». Hori euskaraz eskaintzea dute xede.
Antzezleek Luhuson abiatuko dituzte ispilu lanak. Ondorengo geltokia Donostia izango da. Eta gero, Euskal Herrian zabaltzea espero dute. Nor garen eta nor izan nahi dugun islatzea asmo hartuta.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
