Xardango elkarteak lehen sektorea indartu nahi du
«Xardango» bat hausteko arriskua duen zerbait eusten duen haga da. Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako ekoizleen elkarteak ere kili-kolo dagoen lehen sektoreari eutsi eta indartzea du xede.

Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako artzain, erlezain, frutazain eta baratzezainak bildu ziren atzo Doneztebeko Garbaraialde Gelan, beren produktu goxo eta freskoak mahai gainean jarrita, baita etxeetan ekoizten dena ezagutzeko asmoz prestatu dituzten saskietan ere. Guztien izenean, Haizea Belarra erlezainak eta Maialen Txantre baratzezainak hartu zuten hitza, Xardango elkartea aurkezteko.
Ia bi urteko prozesu baten ondotik, «elkarrekin lan egiteko beharra eta gogoa» sentitu dute. Beren ikuspegitik, lehen sektorea, hau da, elikagaien ekoizpena, «egoera larrian» dago. «Jende guti gara honetan lan egiten dugunak, lan baldintzak ez dira errazak eta anitzetan iraunkorrak ez diren ereduak bultzatzen dira. Hala ere, elikagairik gabe ez dago bizitzarik, denek jaten dugu egunero, eta uste dugu gure lana ezinbertzekoa dela», adierazi zuten.
Azken urteetan eskualdean bertako ekoizpenaren eta kontsumoaren aldeko pausoak ematen ari direla baloratu zuten. Zenbait jangela publikotan sasoiko eta hurbileko produktuen aldeko apustua egin dute, merkatuetan bertako ekoizleak indartzen dira, kontsumitzaileek kalitatezko eta gertuko produktuak bilatzen dituzte... Baina oraindik zer egin franko dagoela ikusten dute, «batez ere lehen sektorea indartu, lurrak elikagaiak ekoiztera bideratu, eta lanbide honek duina izan behar duela aldarrikatzeko bidean».
HAMAR HELBURU
“Xardango” bat pisu handia duen edo hausteko arriskua duen zerbait eusten duen makila edo haga da. Baserri eta baratzeetan fruituz gainezka dagoen adar bat, edo haizeak kolpatzeko arriskua duen zuhaitz baten euskarria. Bada, Xardango elkarteak ere paper hori bete nahi du: «Kili-kolo dagoen lehendabiziko sektoreari eutsi nahi dio, etorkizunean indar eta pisu handia hartu dezan».
Hamar puntutan laburbildu zituzten helburuak: nekazaritza eta abeltzaintza eredu iraunkorra sustatzea; bertako arrazak eta barietateak bultzatzea; eskualdeko produktuak promozionatzea; sektoreari balio emateko nekazari, abeltzain eta eraldatzaileak elkartu eta indar bat sortzea; merkaturatzea kolektiboki antolatzea; jantoki kolektiboak hornitzea; instalazio berriak sustatzea; azoka berriak antolatu eta daudenak sendotzea; ekoizleen beharretara egokitutako formakuntzak egitea; eta kontzientzia sortzea.
PARTE HARTZEKO GONBIDAPENA
Orain elkartea ezagutaraztea eta indartzea dute lehendabiziko asmoa. Horretarako, udazkenean eskualdean hagitz garrantzitsuak diren hiru hitzordutan postua jarriko dute: igande honetan Berako Lurraren Egunean, azaroaren 14an Doneztebeko ferietan eta azaroaren 20an Lesakako ferietan. Herritarrei elkartearen berri ematea izanen da asmoa, eta bereziki, eskualdean lehen sektorean eta elikagaien ekoizpenean lan egiten duen jendea Xardangora gonbidatzea.
Egun horietarako, eta baita Eguberrietarako ere, beren produktuekin osatutako saskiak prestatu dituzte. Oparitarako bertakoa aukeratzera animatuko dute jendea. Haiekin harremanetan jartzeko xardangoelkartea@gmail.com helbidea utzi dute.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
