Peio eta Ezkurdia sailkatu dira finalerdietara, Baiko ordezkaririk gabe utziz
Zenotzekoaren aurkaria Jokin Altuna izango da finalerdietan, eta sailkatzeko tanto bakarra besterik behar ez zuen Joseba Ezkurdiarena, Javi Zabala.

Lautik lau. Atzo arratsaldean erabaki ziren Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak, eta Aspe enpresakoak dira laurak: Altuna III.a-Peio Etxeberria eta Ezkurdia-Zabala. Honek atzo gauean Tafallan jokatu beharreko Jaka eta Larrazabalen arteko lehia ezertan utzi zuen. Beraz, pilotazaleek B Serieko partidekin gozatu beharko dute asteburuan, gaurkoa Tolosan bertan behera geratu baita Altuna III.aren lesioarengatik eta biharkoan Bilbon ez baitago ezer jokoan.
Feria egun handian arraroa izan zen Elizondon jokatutako neurketa. Hasteko, atarikoan Altuna III.aren lesioak A multzoan Zabalari sailkapena eman ziolako -lider bezala- eta honek, domino efektuz, beste mugimendu batzuk ekarri zituelako. Hasteko, Joseba Ezkurdiak tanto bakarra behar zuen sailkapena lortzeko eta 14ra iritsi behar zuen B multzoko liderra izateko. Horrek, noski, finalerdietan denek saihestu nahi duten Jokin Altunarekin lehiatzeko beharra ekarriko lioke.
Bestalde, Peio Etxeberriari garaipenak bakarrik balio zion sailkapena lortzeko. Eta kantxetatik kanpo oso laguna den eta gainera Aspe enpresakoa den beste aurkari baten kontra jokatu behar zuen.
EZKURDIA, DESEROSO
Partida hasi aurretik haien bien artean hitz eginda izango zuten iritzia zeukatenek segituan indartu zuten euren susmoa, Peio Etxeberria 0-5 aurreratu zenean. Hurrengo tantoan Ezkurdiak 1-5ekoa lortu eta keinu txiki batekin ospatu zuen finalerdietarako txartela.
Arbizuarrak sakearekin ez zuen asmatu neurketan zehar, erdira joaten baitzitzaizkion pilotakadak lehen jokaldiarekin, eta, gainera, min hartu zuen eskuin eskuko eskumuturrean. Deseroso ere nabaritu zitzaion, baina aurrean ziur aski gauza asko aldarrikatzeko dituen Peio Etxeberria oso sendo aritu zen (10-22) eta bosgarren urtez jarraian lortu zuen kaiolako finalerdietarako txartela.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
