Orkoiengo Udala: atzerapauso bat berdintasunean
Nafarroako Toki eta Lurralde Entitateetako Berdintasun Teknikarien Taldearen izenean, Orkoiengo Udalak berdintasun teknikariaren lanpostua utzikeriagatik deuseztatu izana salatu nahi dugu. Egungo legediaren arabera, administrazio publikoko lanpostu batek behin-behinekotasun egoeran ezin du hiru urte baino gehiago iraun. Epe hori betetzen denean, ohikoena da lanpostua egonkortzeko prozedura hastea eta berorren jarraipena bermatzea. Horrek aurreikuspena eta borondate politikoa eskatzen du.
Orkoienen lanpostuaren deialdia ez argitaratzeaz gain, Udalak uko egin dio gaur egun indarrean dauden baldintza legalak kontuan hartuta egiteari. 2023ko plantilla organikoak, hau da, Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2025ean onartutakoa baliogabetu ondoren gaur egun indarrean dagoenak, plaza horretarako euskararen B2 mailaren betekizuna ezartzen du. Hori dela eta, Orkoiengo Udalak itxoitea erabaki du behin betiko lanpostua betetzeko oposiziorako deialdia ateratzeko, berdintasun teknikariarentzat euskara ezagutzarik eskatzen ez duen plantilla organiko berria onartua izan arte. Ondorioz, postua hutsik eta denbora mugagabean bete gabe geratu da.
Aintzat hartu behar dugu berdintasun politikak martxoaren 8an edo azaroaren 25ean kanpainak egiteaz, sentsibilizazio programak martxan jartzeaz edo puntu moreak antolatzeaz harago doazela. Zeharlerrotasuneko prozesuak gidatuko dituzten profesionalak behar dituzte, emakumeen aurkako indarkeriaren arloko taldeak koordinatuko dituztenak, tokiko kolektiboekin lan egingo dutenak, eta berdintasunaren arloko araudia beteko dela bermatuko dutenak. Langile tekniko kualifikaturik gabe, ezinezkoa da helburu horiek lortzea.
Horregatik, berdintasun arlo sendoak behar ditugu, kalitatezkoak eta langile publikoz hornitutakoak. Asko baita jokoan dagoena. Lanpostuak eta funtzio publikoak betetzeko aholkularitza pribatuak kontratatzea akats larria da; eta berdintasun politiken etorkizunerako aurrekari arriskutsua ezartzen du, oinarrizko zerbitzuen ezkutuko pribatizazioa eta diru publikoaren kudeaketa desegokia baitakartza.
Erabaki honek ezar dezakeen aurrekariak izugarri kezkatzen gaitu. Ez da lehen aldia Nafarroan udal edo mankomunitate mailako berdintasun arlo bat desagertzen ikusten duguna. Ezin dugu onartu gizarte justuago batean aurrera egiteko funtsezko egiturak diren arlo horiek desegitea, eta erakunde konpromisorik ezagatik desagertzea. Gainera, horiek sortzeko dirulaguntza publikoak jaso dituzte, kontratazioa sustatzeko, sendotzeko eta berdintasun teknikariak mantentzeko, baina argi dago ez direla helburu hori betetzen ari.
Orkoiengo Udalarekiko etsipena eta egoerarekiko kezka izugarria dugu. Berdintasun arloak sortu eta sendotu beharko liratekeen garaiotan, euren jarraipena arriskuan jartzen ari dira. Albiste oso txarra da Nafarroako gizarte osoarentzat.
*Sinatzaileak: Amaia Abucide, Nerea Arana, Oihane Astrain, Ana Berrade, Elsa Díaz, Vanesa Eguiluz, Ana Elcano, Maite Elizondo, Ariane Etxeberria, Tamara Falces, Silvia Gómez, Andrea Guiñón, Nagore Huegun, Jaione Iraola, Josune Irigoien, Begoña Laquidain, Imelda Mañeru, Andrea Markotegi, Pilar Mayo, Iruña Martínez, Marian Mendiola, Arantxa Ordoñez, Amaia Paz, Eider Pérez de Heredia...

Eztarriak gabonetarako prest, ura bere bidean-ekin

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai
