GARA
BILBO

Bilbo, Gasteiz, Astigarraga eta Usurbil dira tentsio handiko eremu berriak

Bilbo, Gasteiz, Astigarraga eta Usurbil tentsio handiko merkatu eremuak dira alokairurako, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean (EAO) atzo argitara eman ondoren. Era honetan, Errenteria, Irun, Barakaldo, Zumaia, Lasarte-Oria eta Donostiari batu zaizkie lau hiri eta herri hauek EAEn.

Etxebizitzak, Bilboko Miribilla auzoan.
Etxebizitzak, Bilboko Miribilla auzoan. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Estatuko Aldizkari Ofizialak (EAO) Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatu erresidentzial tentsionatu gisa izendatutako eremu berriak jasotzen dituen ebazpena argitaratu zuen atzo, eta horrek neurriak abiarazten ditu udalerri horietan alokairuen prezioei muga jartzeko. Bilbo, Gasteiz, Astigarraga eta Usurbil dira tentsio handiko eremu berriak. Konkretuki, alokairu kontratuen berrikuspena ezingo da %2,22 baino gehiago garestitu.

Ebazpenak lau udalerri horien lurralde osoa hartzen du, Arabako hiriburuko hirigunean sartzen ez diren toki entitate txikiek osatutako landa eremua izan ezik.

EAOn deklarazioa argitaratuta, hemendik aurrera udalerri hauetan sinatuko diren etxebizitza alokairu kontratu berriek aurreko kontratuaren prezioari erreferentziatuta egon beharko dute, igoera neurrigabeak saihestuz.

Gainera, administrazio publikoek premiazko neurri plan bat garatzeko betebeharra ezartzen da, alokairuaren eskaintza handitzeko eta hiru urteko epean alokairu merkatuaren egoera irauli ahal izateko.

Neurri honek alokairuen prezioen hazkundea mugatzea dakar, eta Gobernu espainolak atzo gogorarazi zuen Katalunian neurria ezarri zenetik jasotako datuek erakusten dutela «funtzionatzen duela»; izan ere, lehen urtean kontratuen prezioak %4,9 jaitsi ziren tentsio handiko eremuetan, eta 11.000 alokairu kontratu berri baino gehiago sinatu ziren.

«NEURRIAK HARTZEN JARRAITUKO DUGU»

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak atzo adierazi zuen «oso garrantzitsua» dela egiturazko neurriak hartzea. Azaldu zuenez, «eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka hori —bai erosketan, bai alokairuan— lurzoruak mobilizatzeko eta etxebizitza gehiago eraikitzeko gai bagara baino ez da aldatuko». Hala ere, onartu zuen helburu horrek denbora eta planifikazioa behar dituela, eta gaineratu zuen Lakuako Gobernuak bien bitartean alokairuaren merkatuari egonkortasuna emango dioten jarduketak bultzatzen jarraituko duela.