Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Itzulpenak

Irlandako literaturan obra goraipatua da Brian Frielen “Translations” (1980, Itzulpenak) antzezlana. Ikasketa postkolonialetan ere ezinbesteko irakurketa da Frielen testua. 1833an kokaturik dago azken hori, Donegal konderriko Baile Beag izeneko fikziozko herrixkan. Hara heltzen dira britaniar soldadu batzuk gaelikoz dauden toki izen guztiak ingelesera itzultzeko helburuarekin. Funtsean, hizkuntza ideologiari buruzko antzezlan bat da “Translations”, eta horren bitartez hainbat gairi heltzen dio, hala nola Irlandaren historiari zein kultur inperialismoari.

Lehen aldiz Derryn taularatu zutenetik munduko toki ezberdinen egoera politiko eta kulturalera egokitu dute Frielen antzezlana, dela apartheid garaiko Hego Afrikara dela kolonialismo egoiliarraren menpe bizi diren maorien Aotearoara zein Errusiarekin gerran dagoen Ukrainara. “Translations”-en azken egokitzapenaren berri irakurri dut egunkari batean aste honetan: Dakarren egoitza duen Brr Ekoizpenak antzerki taldeak Senegal garaikidera eraman du Frielen lana kolonizatzaile ohiak, Frantziak, oraindik herrialdean duen eraginaren gainean gogoeta egiteko. Hurrengo urte hasieran estreinatzekoak dira antzezlana, baina jadanik hasi dira obra antzezten hiriburuko eskola eta unibertsitateetan.