Alpinismoaren bikaintasuna Frantziako Urrezko Pioleten ekimenean
Nazioarteko hiru jarduera alpinistiko aitortu dituzte: Kaqur Kangri, Gasherbrum III eta Yashkuk Sar. Horrez gain, bi emakumezkok aipamen berezia jaso dute: Anja Petek eta Patricija Verdev esloveniarrek, Lalung I mendian sinatutako eskaladarengatik.

Asiako eta Errusiako Urrezko Pioleten ekimenek ez bezala, Frantziakoak nazioarteko jarduera alpinistikoak aitortzen ditu. Heldu den abenduko 9tik 12ra edizio berri bat izango du; hain zuzen ere, Martino di Castrozzan (Italia). Piolets d´Or edo Urrezko Pioleten ekimenak aterpe hartuko du Dolomitetako herri horretan, eta sona handia duen ekitaldi horretan, iaz egin ziren goi-mailako eskaladen sariak emango ditu. Eta horiei guztiei lehentasuna eman die, erabili duten etikarengatik eta indarrean jarri duten estiloarengatik. Hots, alpinismoaren arteari azpimarra jarri diote: «Abentura, kemena eta esplorazioa dira oinarri sendo horiek».
Urrezko Pioleten ekimeneko antolatzaileek bidali diguten oharrak dio hiru igoera aitortu dituztela. Ethan Berman kanadarrak, Ayremeric Clouet frantziarrak, Young Hoon Oh korearrak, Ines Papert alemanak, Enrico Rosso italiarrak, Jack Tackle estatubatuarrak eta Mikel Zabalza nafarrak osatu dute epaimahaia. Hiru jarduera horiek, gainera, zerrenda handian zeuden 74 jardueretatik nabarmendu ditu. Honakoak dira: Kaqur Kangri (6.589 m, Nepal), Gasherbrum III (7.952, Pakistan) eta Yashkuk Sar (6.667 m, Pakistan). Bi seimilako eta ia zortzimilako bat. Ohar horrek gehitzen du bi emakumezkok aipamen berezia jaso izana ere: Anja Petek eta Patricija Verdev esloveniarrek, Lalung I mendian (6,243 m; Nepal) sinatutako eskaladarengatik.
Lehendabiziko jarduerari, Kaqur Kangriri, dagokionez, aurreratu behar dugu Spencer Gray eta Ryan Griffiths estatubatuarrek seimilakoaren hego-mendebaldeko ertza lehen aldiz igo zutela. 4.700 metrotan kanpaleku nagusia antolatu ondoren, ekinaldi bat egin zuten. 5.800 metrotan zirela, su txikia hondatu zen eta jaitsi egin ziren. Bigarrenean arrakasta izan zuten. Antolatzaileen prentsa-adierazpenak dio Nepalgo mendebaldean dauden mendietan inoiz egin den igoera zorrotzenetarikoa izan zela. Izan ere, estatubatuarren bide berriak (1.670 m) 5.10, A0, M7 eta WI5 zailtasunak ditu.
Epaimahaiak zera dio jarduera horren inguruan: «Eskalada horrek teknikoki asko eskatzen du. Ibilbide dotorea da, estilo onean eginikoa, eta, gainera, mendiaren zeharkaldia egin zuten. Esplorazioan oinarritutako espedizioa izan zen, eta horrek erakusten du Himalaiako eremu ezezagunetan oraindik helburu zailak egiteko aukera dagoela».
Bigarren aitortzak Ales Cesen esloveniarrak eta Tom Livingstone britainiarrak Gasherbrum III-ko mendebaldeko ertzean sinatutako lehen igoerara garamatza. Girora egokitu ostean, bikote hori uztailaren 31n atera zen oinarrizko kanpalekutik. Alpinistok sei egun behar izan zituzten gailurra lortzeko. Azken bibaka 7.800 metroko garaieran egin zuten. Ondoren, jatorrizko ibilbidetik jaitsi ziren. G II mendiaren ibilbide klasikoak duen laugarren kanpalekuan (7.400 m) beste gau bat igaro zuten. Eta abuztuaren 6an kanpaleku nagusira iritsi ziren.
Epaimahaiaren arabera, sokada horrek bide oso luzea, zaila eta zorrotza jarraitu zuen: «Zazpimilako horrek bisita gutxi jasotzen ditu, eta kontuan hartu behar da zortzimilako bat izateko metro gutxi falta zaizkiola. Asko eskatzen duen eskalada horretan, soilik bi alpinistok parte hartu dute, eta oso estilo onean igo ziren. Nahiz eta mendiaren beste isuri batetik jaitsi ziren, alpinistok argi utzi dute kalitatezko abenturak egin daitezkeela munduko mendi garaienetan eremu berriak esploratuz».
Dolomitetako Martino di Castrozzako oholtzara beste hiru protagonista igoko dira: August Frazen, Dane Steadman eta Cody Wincler. Hiruko estatubatuar horrek Yashkuk Sar mendiaren iparraldeko zutoina aukeratu zuten “Tiger Lily Buttress” bidea (AI5+, M6, A0, 2.000 m) sortzeko. Bost eguneko jarduera izan zen, oso bisita gutxi izan dituen seimilako horretan. 2006an izan zen azkena.
Aurrekoek bezala, hirukote horrek ere esplorazioari indarra eman zion. Ondoan zuten Sax Sar mendian (6.240 m) aklimatatu ondoren, helburu nagusira abiatu ziren: Yashkuk Sar-era. Lehen bi egunetan izotzezko eta elurrezko aldats pikoak igo zituzten. Arriskutsuak eta antolatzeko zailak ziren bi bibak egin zituzten: 5.600 metrora eta 5.900era. Luizi batek bilatzen ari ziren bidea txikitu zuen, eta egoera horrek metro alternatibo batzuk hartzera behartu zituen. Jaitsiera ez zen erraza izan. 600 metro rappelatu eta mendebaldeko ertza zeharkatu zuten. Azken mila metroak rappelatu eta deseskalatu behar izan zituzten.
Epaimahaiarentzat igoera zein jaitsiera horiek oso arriskutsuak izan ziren: «Bide batez, goraipatu behar dugu alpiniston adina. Oso gazteak dira, baina mendizaletasunaren izaeraren aldeko apustu sendoa egin zuten. Aldizkari espezializatuetan eta sateliteen bidezko irudietan oinarritu ziren informazioa jasotzeko. Urrutiko lekuetan dagoen seimilako horretan, goi-mailako jarduera egin zuten».
AIPAMENA, NESKEI
Urrezko Pioleten ekimenak aitortu nahi izan ditu bi emakumezko ere: Anja Petek eta Patricija Verdev. Hain zuzen ere, aipamen berezia jasoko dute Lalung I mendian (Indiako Himalaia) zabaldutako bidearengatik: “Here comes the sun” (ED, M6+, AI5+, 2.000 m). Alpinista esloveniar hauek Nives Meroi italiarrari lekukoa hartuko diote ekimenak ematen duen aipamen horretan.
Antolatzaileek diote aitortza horren helburua emakumezkoek egiten duten alpinismoa sustatzea dela: «Izan daiteke iaz eginiko jarduera azpimarragarri bat edo alpinista zehatz batek duen ibilbidea. Lehen urrats bat baino ez da; izan ere, datozen urteotan alpinisten aldetik jasoko ditugun iritzietan oinarrituta formatu hori aldatuko da». Duela lau urte, sari hori lehen aldiz jaso zuen Silvia Vidal katalanak. Eta aurreratu bezala, Meroi bigarrena izan da.
Gogora dezagun bi esloveniarrok iazko irailaren 9tik 14ra Lalung I mendiaren lehen igoera egin zutela. Ekialdeko ertza izan zen jarraitutako ibilbidea. “Here comes the sun” eskalatu ondoren, mendiaren zeharkaldi osoa egin zuten, mendebaldeko ertzetik eta iparraldeko hormatik jaitsi eta gero.
Zanskarreko eskualdean dagoen seimilako horren historiari dagokionez, esan behar dugu dokumentazio nahasia dagoela. Eta hori diogu inguru horretan mendi batzuen garaieraren eta izenen inguruan oker asko egon direlako. Argi dagoena da 2024a baino lehenago Lalung multzoko gailurrek ez zutela igoera dokumentaturik izan.
Iazko irailean emakumez osatutako espedizioa Lalung I mendiaren aurrean jarri zen, baina soilik Petek-ek eta Verdevek eskalatu zuten ekialdeko ertz zail eta zorrotz hori. Bost eguneko eskalada izan zen, eta horietako bat dendan mugitu gabe igaro zuten eguraldi traketsarengatik. Azken gauan, gainera, haizeteek dendaren hagaxkak puskatu zituzten eta lo-zakuetan bibak egin behar izan zuten dendaren babesik gabe. Tontor eguna ere oso zaila izan zen, besteak beste, laino itxiak bide egokiena hartzeko trabak jarri zizkielako.
Epaimahaiak eta batzar teknikoak espedizio hori aitortu dute, besteak beste, bisita gutxi dituen ingurumari horretan jardun dutelako: «Seimilako horretan igoera bikaina egin zuten, eta gai izan ziren mendiaren zeharkaldi osoa egiteko ere. Estilo alpinoan eremu teknikoan murgildu ziren; konpromisoa ere handia izan zen. Batez ere, gailurra lortzeko lan eskerga egin behar izan zuten baldintza eskasengatik. Ezaugarri horiek Urrezko Pioleten baloreak bikain islatzen dituzte. Lalung I mendiaren igoera hori inspirazio iturri izan daiteke beste alpinista batzuentzat».

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
