Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LA CENA

Satira antifaxista atsegina eta dibertigarria

Filma 1939ko apirilaren 15ean girotzen da Madrilen. 36ko Gerra amaitu eta bi astera. Medina tenientea Palace hotelean agertzen da ustekabeko berriarekin: Franco eta bere jeneral guztiak gau hartan afaltzera joango dira. Alabaina, ez dakite afaria sukaldari errepublikano batzuek prestatuko dutela, eta huraxe herrialdetik ihes egiteko azken aukera dela ikusiko dute sukaldariok.

Hori da “La cena” pelikularen premisa, eta, kutsu ia teatrala hartuz, ikuslea ez da hotel horretatik ateratzen: ekintza guztiak espazio batean eta egun bakar batean gertatzen dira. Hala ere, foku narratiboa ez dago ez Francorengan ez haren gertukoengan, baizik eta haientzat janaria prestatzera behartutako preso errepublikanoengan. Umiliatuak izan arren, adimena, umore-sena eta gizatasuna gordetzen dituzten pertsonaiak dira. Aktore guztien lana aipagarria da, bereziki Alberto San Juanena, don Victorren papera sotiltasunez, umorez eta ñabardura handiz gorpuzten baitu.

Kamera arintasunez mugitzen da areto argitsuetatik sukalde ilunetara, pertsonaien arteko hierarkia soziala zehaztasunez islatuz. Arte-zuzendaritzak eta jantziek oparotasun frankista xehetasun handiz birsortzen dute, garaituen prekaritatearen aurrean kontraste nabarmena sortuz.

Tonuari dagokionez, filmak ausardiaz uztartzen ditu komedia eta tragedia, nahiz eta ez beti orekaz izan. Umoreak, testuingurua hutsaldu beharrean, defentsa-mekanismo gisa funtzionatzen du, zapalkuntzaren aurrean erresistentzia egiteko modu gisa.

Hala ere, garraztasun apur bat falta zaio: egoerak lehertzeko potentzial handia zuen, baina satirak ez du hozka gehiegirik egiten eta nahiko azalean geratzen da; irribarre konplize txikia eragitea lehenesten du.

Gomez Pereirak antifaxista, atsegina eta dibertigarria den satira osatu du.