GAIZKA IZAGIRRE
DONOSTIA

Ochi, unibertso paraleloak eta Dracularen ikuspegi berezia

Donostiako Beldurrezko Zinemaren astearen hirugarren egunean menua askotarikoa izan zen: ‘‘E.T.’’ filmaren esentzia daraman ‘‘The Legend of Ochi’’, Luc Besson-en begiradatik kontatutako ‘‘Dracula’’, eta unibertso paraleloen mundu zirraragarrian barneratuko gaituen ‘‘Redux Redux’’.

«The Legend of Ochi» filmaren fotograma.
«The Legend of Ochi» filmaren fotograma. (GARA)

Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea gustuko ez duela dioenak, ziurrenik, probatu ez duelako izango da; izan ere, urtez urte, jaialdiak eskaintzen dituen izenburu anitz eta originalek publiko mota guztietako ikusleak liluratzeko gaitasuna dute. Horren adibide dira atzo eskaini zituzten pelikulak.

ANTZEKOA, BAINA (ZERTXOBAIT) DESBERDINA

A24 ekoiztetxe ezagunaren zigilu bereizgarriarekin, Sail Ofizialean estreinatu zen ‘‘The Legend of Ochi’’. Fantasia, abentura eta ipuin klasikoko elementuak uztartzen dituen Isaiah Saxonen debut zinematografikoa da. Transilvaniako paraje misteriotsuetan girotuta, istorioaren ardatza Yuri da, Ochi izeneko izaki fantastiko baten kumetxoa ustekabean aurkitzen duen gaztea. Jakin-minak eta errukiak bultzatuta, babestea eta haren habitat naturalera itzultzea erabakiko du. Fantasiaz jantzitako bidaia horrek hazkunde pertsonalaren alegia bihurtzen du kontakizuna, eta gizakiaren eta naturaren arteko oreka hauskorra eta adiskidetasunaren benetako esanahia azaleratzen ditu.

Bai, baditu jada ezagunak zaizkigun elementu batzuk: ume bakarti bat, izaki fantastiko baten aurkikuntza eta bien arteko harreman berezi eta magikoa. Akaso burura etorriko zaizkizu ‘‘Lilo & Stitch’’, ‘‘Gremlins’’ edo ‘‘E.T.’’. Oinarria antzekoa den arren, ‘‘The Legend of Ochi’’ zertxobait desberdina da.

Filmaren alderdi bisuala deigarria da, eta bereziki eskertzekoa efektu praktikoen alde egindako apustua. Gaur egun, CGI eta efektu digitalen menpe bizi den zinemagintzan, balio berezia du maketekin, txotxongiloekin eta paisaia errealekin sortutako fantasiazko mundu horrek. Emaitza, ia ipuin klasiko baten testura duen fantasia bat da, ukigarria, beroa eta magiaz zipriztindua. Presentzia magikoaren eta fantasiaren lurrina etengabe arnasten da, baina errealitatean ainguratuta mantentzen da.

Iruditeria berezi hori honela azaldu zuen zuzendariak: «Asko marrazten nuen haurtzaroan. Marrazten eta marrazten jarraitu nuen, eta unibertsitatera joan nintzenean ilustratzaile izango nintzela pentsatu nuen. Gero epifania moduko bat izan nuen, nire espezialitatea zinemagintzara aldatu nuen, eta berehala konturatu nintzen nire marrazki eta eskultura guztiak filmetara eraman nitzakeela». Artistaren ibilbide plastiko horren arrastoak nabarmenak dira filmean.

Gidoia ere Saxonen beraren lana da, baina, tamalez, hori ez da filmaren alderdirik sendoena: azken txanpan, batez ere, klixe eta ebazpen presatietan amiltzen da. Hala ere, proposamen berezia eta nahiko pertsonala da, eta agerian uzten du egilearen ahots berezia.

«DRACULA», LUC BESSON-EN IRAGAZKITIK

Luc Besson zinemagilearen filmografia izenburu ezagunez josia dago. 1988ko ‘‘Le Grand Bleu’’ lanaz hasi zen bere ibilbidea, baina Jean Reno, Natalie Portman eta Gary Oldman protagonista dituen ‘‘Léon’’ filmak eman zion nazioarteko aitortza. Orduz geroztik, ‘‘Jeanne d'Arc’’, ‘‘The Fifth Element’’ edo ‘‘Lucy’’ izan dira bere lanik esanguratsuenetako batzuk.

Atzo Antzoki Zaharreko besaulki gorrietan eseri ziren ikusleek Besson-en unibertsoan murgiltzeko beste aukera bat izan zuten: ‘‘Dracula: A Love Tale’’. Askok pentsatuko dute Drakularen inguruko beste bertsio bat besterik ez dela, baina egia esan, filmak badu ikuspegi berezia. Ez dugu film horretan munstro beldurgarri soil bat aurkituko, baizik eta maitasunaren eta obsesioaren artean harrapatutako izaki tragiko bat: mendeetan zehar maitearekin elkartzeko zain dagoen maitale kondenatua. Eta, hain zuzen ere, desio hori bihurtzen da istorioaren motor nagusia.

Besson-ek Drakularen mitoaren «alde erromantikoa» esploratzea interesatzen zitzaiola aipatu du, ohiko izugarrikeria eta beldur klasikoaren ordez. «Sekula ez zait gustatu Drakularen istorioa eta gorroto ditut odola eta beldurrezko zinemagintza», aitortu du Bessonek. «Baina liburua berrirakurri nuenean ulertu nuen mitoaren atzean maitasun kontakizun ikaragarria zegoela, maitearekin berriz elkartu eta agur esan ahal izateko 400 urtez zain dagoen gizonarena. Hori izugarri erromantikoa da, eta pelikula batean kontatzea erabaki nuen».

Drakularen bertsio emozionalago eta poetikoago baten bila dabilen ikuslearentzat, filmak ikuspegi interesgarria eta bisualki zaindua du: argiztapenaren eta kolorearen bidez, Bessonek beldurraren eta desioaren arteko muga lausoan dantzatzen duen giro hipnotikoa eraiki du.

Dena den, erromantzean zentratzeak badu bere prezioa: pertsonaiaren itzal klasikoaren tentsio eta misterioaren zati bat bidean galtzen da, eta emaitza, polita eta dotorea izan arren, drama erromantikoaren aldera makurtzen da beldur klasikoaren kaltetan.

UNIBERTSO PARALELOAK

Egunari itxiera bortitza eta zirraragarria emateko, ‘‘Redux Redux’’ filma izan zen ikusgai, zientzia fikzioaren eremuan murgiltzen gaituena (izua bazterrean utzi gabe).

Michaela McManus da protagonista, eta Irene Kelly izeneko ama baten azalean sartuko da. Ama horrek, alaba hil ondoren, mendeku-misio bati ekingo dio, muturreko estiloan: unibertso paraleloen artean bidaiatuko du, alabaren hiltzailea behin eta berriz hiltzeko.

Unibertso bakoitzak errealitatearen bertsio ezberdin bat eskaintzen du: hiltzaileak beste enplegu bat izan dezake, beste identitate bat, baina Ireneren helburua beti bera da. Unibertsoaren “bertsio” berri bakoitzarekin, bere mendeku oldarkorrak bere gizatasunetik urrunago eramango du.

Nahiz eta planteamendua originala iruditu, istorioak mendekuari buruzko edo zientzia-fikziozko kontakizun ezagunak ekar ditzake gogora. Hori dela eta, ikusleak filma “jada ikusita” duela sentitu dezake.

Hala ere, ‘‘Redux Redux’’ filmean unibertso paraleloen kontzeptua da oinarrizko ardatza. Premisa hori erabiltzen da giza erabakien ondorioak eta errealitate ezberdinetan izan ditzaketen aldaketak arakatzeko. Irenek unibertso horien artean bidaiatzeko duen gaitasunak aukera ematen dio patuari, hautamenari eta mendekuaren izaera ziklikoari buruzko galderak planteatzeko, eta horrek narrazioari sakontasun moral eta psikologikoa ematen dio.

Zientzia-fikziozko thriller interesgarria da, muinean mendeku-istorio maltzurra daramana.

ANIMEDON

Japonian amaitu genuen ibilbidea, Animedon sailean; ‘‘All You Need Is Kill’’ animearekin, alegia. Hiroshi Sakurazakaren nobela homonimoaren moldaketa, lehendik ‘‘Edge of Tomorrow’’ (2014) AEBetako filma inspiratu zuena. Akzioa, zientzia fikzioa eta denbora-begiztaren kontzeptu interesgarria nahasten ditu istorioak.

Lurrean landare erraldoi espazial bat agertu da, eta hondamena eragiten ari da. Boluntario gazte talde bat, teknologia aurreratua erabiliz, espezie inbaditzaile hori desagerrarazten saiatsuko da; horien artean dago Rita gazte bakartia. Halako batean, munstro-izakiak askatuko dira eta Rita hil egingo dute behin eta berriz, eta denbora-begizta batean harrapatuta geratuko da. Ziklo berean harrapatuta dagoen Keiji gaztearekin batera, inguruko kaosari zentzua aurkitzeko borrokatuko dira.