Hamabost talde igoko dira oholtzara ASKE jaialdiaren lehen edizioan
Euskal talde hasiberriek zein esperientziadunek osatuko dute ASKE elkartasun eta musika jaialdiaren lehen edizioko kartela. Besteren artean, Merina Gris, Janus Lester, Neomak, Marte Lasarte edota Chuleria, joder! igoko dira Atarrabiako oholtzara abenduaren 27an, «aske izateko jaio garela esatera», antolatzaileen hitzetan. Sarrerak salgai daude jaialdiaren webgunean, 35 euroan.

Merina Gris, Neomak, Hazas, Gozategi, Kaparrak, Janus Lester, Nafarroa 1512, Streetwise, Juantxo Skalari, The Clayton, Chuleria, joder!, Dodosound, Marte Lasarte, Bisaiak eta Sustrai Berriak. Horiek dira, momentuz bederen, ASKE musika eta elkartasun jaialdian parte hartuko duten taldeak, atzo antolatzaileek iragarri zutenez. Kartela osatzeko orduan askotariko generoak eta euskal talde gazte zein esperientziadunak bilatzen saiatu dira, abenduaren 27an Atarrabian denentzat aukera egon dadin. Hori bai, oraindik sorpresaren bat etorriko dela ere jakinarazi zuten: «Iragarpenen bat dugu eskuartean».
Gisa horretan, gogora ekarri zuten ASKE ezohiko musika jaialdia dela. «Geure herri eta jendearen askatasuna aldarrikatzeko topagunea da. Aske izan nahi dugunon aterpe. Baina zer da aske izatea?», galdegin zuten. Euren hitzetan, «norbanakoaren eta gure herriaren askatasunaren ulerkera kolektiboa» lantzeko nahia duen jaialdia da, Hatortxu Rock jaialdiaren lekukoari helduko diona, eta «Euskal Herri aske baten soinu banda» sortzeko oinarriak finkatu nahi dituena, hainbat balio eta ezaugarritan oinarrituz: «Euskalduna, feminista, antikapitalista, solidarioa… Hamarkada luzez gogor kolpatua izan da geure herria eta geure jendea. Orain, herri eta jendarte hori eraikitzeko unea da», ziurtatu zuten.
ASKE herri mugimenduaren parte den aldetik, haren balioak partekatzen dituztela ere nabarmendu nahi izan zuten. «Balio eraldatzaileen eta gure nazioaren askatasun grinaren sustapena egin nahi dugu musikaren bitartez», nabarmendu zuten, eta indibidualismoaren, handinahikeriaren edota lehiakortasunaren aurrean «auzolana eta elkarlana» dela eraldaketa emateko lanabes. «Bestelako aisialdi eta jaialdi ereduak posible direla uste dugu, eta hala egingo dugu. Elkarrekin edozer dugu posible. Elkarrekin, bi eta erdi gara», jarri zuten azpimarra.
SARRERAK SALGAI
Sarreren salmentaren berri ere eman zuten: 25 eta 30 euroko eskaintza berezien ostean, behin kartela iragarrita, 35 euroren truke erosi ahal izango dira sarrerak jaialdiaren webgunean (https://askejaialdia.eus/). Aurreratu zutenez, bertan eta beraien sare sozialetan iragarriko dute bestelako informazio praktiko guztia.
Gauzak horrela, abenduaren 27tik aurrera oholtzara «aske izateko jaio garela esatera» igoko direla ziurtatu dute, «herri honen eta bere jendearen askatasuna aldarrikatzera. Aske izateko jaioak, aske izan gaitezen!», amaitu zuten.
ASKE jaialdiaren iragarpena Hatortxu Rocken 30. eta azken edizioko ekitaldi nagusian egin zen: ordura artekoa «auzolan ariketa erraldoia» izan zela iritzita eta «sen horri eusteko» bokazioz sortu dute ASKE musika eta elkartasun jaialdi berria.

Ernai muestra los objetos de simbología españolista sustraídos

«Sartutako zuhaitzek milaka urte iraun dezakeen basoa sortu dezakete»

Ya les dieron los coches para patrullar, ahora pedirán la tele en color y las rondas

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL
