GARA
ARANTZAZU
EUSKALTZALEEN ADIERAZPENA ARANTZAZUTIK

«Mundua kontra dator, baina guk euskara dugu munduaren alde»

«Euskaltzale izatea euskararen normalizazioaren alde egotea ez ezik, minorizatutako hizkuntza guztien alde egitea da. Justiziarekin, berdintasunarekin eta askatasunarekin sakonki lotzen den ikuspegi bat, errotik demokratizazioarekin uztartzen dena», aldarrikatu zuen atzo hainbat euskaltzale erreferentek Arantzazun, «euskararen Pizkundearen aterpe nagusian».

Hainbat euskaltzale erreferente elkartu ziren atzo Arantzazun adierazpena irakurtzeko.
Hainbat euskaltzale erreferente elkartu ziren atzo Arantzazun adierazpena irakurtzeko. (Jon URBE | FOKU)

Euskaltzaleon garaia dela adierazi zuen atzo euskaltzale ugarik Arantzazun, mundua euskaraz pentsatzeko, egiteko, gozatzeko eta bizitzeko ekimenen (h)abialeku behinenean. Itxaropenerako deia egin zuten bertatik, euskararen Pizkundearen parte izandako hainbat euskaltzale lagun hartuta. «Itxaropena egitea da eta guztion esku dago horretan eragitea», erran zuten, eta heldu den abenduaren 27an Bilbao Arenan Pizkundearen lehen txinparta piztera animatu zuten jendea.

«Euskara euskaltzaleen ekimenak ekarri du gaurdaino. Euskaltzaleen eskutik etorri dira pizkunde zikloak. Egin dugu iraganean eta berriro egitera goaz».

Jakina, euskaltzaletasuna itxaropena ez ezik, mundua ikusteko modu bat ere badela oroitu zuten: «Hizkuntza supremazismoaren kontrako jarrera bat, hizkuntza berdintasunaren aldekoa -eta, horrenbestez, herri, kultura, hiztun komunitate eta hiztunen berdintasunarekin engaiatua-. Mundua aldrebes dabilen garaiotan oinarrizko jarrera politiko bat. Mundua hizkuntza minorizatuen kontra dator, baina guk euskara eta gainerako hizkuntza zein kultura minorizatuak ditugu munduaren alde».

ERREFERENTE UGARI

Kontseiluko zuzendaritzakideez gain -Idurre Eskisabel idazkari nagusia buru-, euskalgintzako ordezkariak bildu ziren Arantzazun, euskaltzaletasunaren barreiatzaile izan den leku berezian. Jakin, euskara batua, euskarazko irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, literatura, Ez Dok Amairu, arte plastiko abangoardista eta herriari lotua... Horiek guztiek dute, gutxienez, ernamuin bat Arantzazun.

Aitor Bengoetxea (UEU), Amaia Balda eta Ainhoa Lasa (Emun), Laida Begiristain eta Marian Bidegain (Maizpide), Haritz Azurmendi (Jakin), Gotzon Gomez, Asun Elorriaga eta Gemma Telletxe (Gerediaga), Joxepa Madariaga (Gerriko), Gorka Torre (Euskal Konfederazioa) eta Martin Aramendi (UEMA) elkartu ziren. Erreferentziazko euskaltzaleak ere bai: Kontxita Beitia andereñoa, Miren Azkarate (Lakuako Kultura Sailburu izana) eta Kike Amonarriz soziolinguista, bertzeak bertze.