«Ohiko hiritarren eta laborarien arteko harremana birsortzeko unea da Lurrama»
Atzo hasi zen Lurramaren hogeigarren edizioak bihar arte arte iraunen du. Biharko laborariak hizpide izanen dituen azokak Elena Aguerre eta Iñaki Intxausti izanen ditu gazama eta gazaita. Atzo hedabide honi elkarrizketa eskaini zion Aguerrek.

Atzo ireki zituen ateak Lurramaren hogeigarren edizioak. Euskal Herriko Laborantza Ganbarak urtero herri bat gomitatzen baldin badu ere, Euskal Herria bera izaten ari da aurtengo gonbidatua.
Etorkizuneko laborariek ardaztuko duten aurtengo azokak, urtero bezala, gazama eta gazaita bana ditu; Elena Aguerre eta Iñaki Intxausti, hain zuzen ere.
Lurramaren edizio honetako gazama zara. Azokak aintzat hartu nahi dituen aldarriak ongi ordezkatzen dituzu.
Aurtengo Lurramaren galdera “Nolako laborariak hogei urteren buruan?” da. Duela hogei urte existitzen dela Lurrama, eta espero dut hogei urte barru ere berriz etortzen ahalko naizela. Egia da ez naizela bortxaz Euskal Herriko laborari tradizionala: familiatik kanpo instalatu nintzen; fruitu eta barazkiak lantzen ditut, ez dena biziki hedatua Ipar Euskal Herrian; eta segidarik ez zuen etxalde bateko familiak ni eta nire lan saila ezezagun ez bagintuen ere, nigan konfiantza izan zuen.
“Nolako laborantza bihar Iparraldean?” galdera erantzuten badugu, ziur da tradizionalak ez diren instalazioak izanen direla. Erronka handiak ditugu, batik bat gure elikaduraren, eta bereziki landareen, birkokatzea eta erretretatik hurbil diren baina segidarik ez duten etxalde horien geroa bermatzea. Familiakoa ez den jendea sartu beharko da etxalde horietan.
Lagatzaileek ez balute zugan konfiantza izan, hemen zeundekeela uste duzu? Edo, zer eginen zenukeen?
Bada, ez dakit. Nik esperantza mantentzen nuen. Etxalde batean instalatu nahi dugularik bidean borroka egin behar da. Nahiz eta baratzeetan hamar urteko esperientzia izan eta laborantza sarean ezaguna izan konplikatua izan zitzaidan, ezezko anitz jaso behar izaten dira. Lan zaila izaten da: jendea banan bana deitu, ezezkoak jaso eta itxaropena mantendu.
Hiru urteren buruan baiezko erantzunik jaso ezean, bidea etsigarria izan daiteke, esperantza gal daiteke. Baina nik nigan konfiantza izan duen norbait aurkitu dut.
Une zehatz horretan motibatua den pertsona aurkitzen duen lagatzailea behar da, eta hori esparru pribaturako uzten badugu ez da aski izanen. Hori da mezua: proiektu guztien arteko lotura sortuko duten sistemak topatu behar ditugu.
Lurralde osoko 25.000 pertsona ekartzeko gai da Lurrama, ikusgarritasuna ematen du. Ekimenak rol garrantzitsua duela iruditzen zaizu?
Gizartearen eta laborarien arteko harremana sortzeari dagokionez, Lurrama sinbolo bat da. Geroz eta laborari gutiago daude gure herri eta hirietan, eta deskonexio handia dugu hirian bizi direnen eta laborantza mundutik heldu direnen artean, nahiz eta jakin badakigun laborantza arlo guzietan dela: elikaduran, paisaian... Denak du lotura laborantzarekin.
Orain Lurrama da harreman hori egiten duen toki bakarrenetarikoa, laborariei galderak pausatzen dizkieten hiritarrak hurbiltzen dituen bakarretarikoa. Nik zinez uste dut ohiko hiritarren eta gure laborarien arteko harremana birsortzeko unea dela Lurrama.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan
