Jon GARMENDIA
Idazlea

Usoei begira

Zuhaitz hosto erorkorren orbelak lurrean eta usoak zeruan, aurrera goaz udazkenaren lepoan. Ez ditut urrun Etxalarko usategiak, Mendikarri eta Atxuria artean sareen tradizioari eusten dioten ehiztariak, egun, tiro hotsa nahinora hedatu bada ere. Belatzak irudikatzen dituzten paletak erabiltzen dituzte Etxalarko harrizko atalaietan, trapu zuriak astindu, turuta jo eta sareak bota. Kontatzen dute duela 600 bat urte artzain bat ibiltzen zela usoei harrika, eta beherantz egiten zutela usoek, apez batek erran ziola artzainari sareak jartzeko azpian, eta hori izan zela ehiza mota honen sorrera. Gauza da ipar-mendebaldetik datorren hegazti oldea urri-azaroan biltzen dela Atlantikoko haizeek lagunduta eta Bidasoa eta Pirinio mendebaldeko lepoak dituela igarobide. Gauza ere bada Erdi Arotik dokumentatua dagoela sare bidezko ehiza eta behaketa antolatua. Zainak (atalaietako zaintzaileak) eta sare-jabeak auzolanean nola aritzen ziren, seinale bidez hegaldiak bideratuz. Gerardori ikasi diot hau dena, zortzi hamarkada beteta umetatik han ibili denari, eta une batez Patrick Suskinden “The Pigeon” liburuko Jonathan Noel ikusi dut, Parisko banku bateko zaindari bakartia, eguneroko errutina zorrotzean bizi dena: bakardadea, isiltasuna, ordena. Goiz batez, bere gelako atarian uso bat ageri arte; txikia dirudien gertakariak haren mundu txikia iraultzen du. Agian horregatik jarri behar genuke usoei begira guk ere.