«Konkista» disko berria Zurbaoko pabiloian aurkeztuko du ETSk
Araban sortu eta Araban aurkeztu nahi du jendaurrean bere lan berria En Tol Sarmiento Ekorako taldeak. Gasteizen, Saski Baskoniaren etxean, Zurbaoko pabiloian eta 8.000 lagunentzako entzunaldi festa batean izango da aurkezpena. Sarrerak gaur jarriko dituzte eskuratzeko moduan beren komunitatearentzat.

Martxoan lozorroan sartu ziren ETS taldekoak, hiru aldiz Barakaldoko BEC bete ondoren. «Askok taldea bertan desegingo zela uste zuen eta gezur hori zama bat ere izan da guretzat talde bezala», esan digu Iñigo Etxezarreta taldeko abeslari eta konpositoreak, NAIZ Irratiko estudiora egin duen bisitan. Madrilen eta Bartzelonan emango dituzten kontzertuen atarian dator diskoa, eta atseden horretan isilaldiari eutsi ezinari buruz galdetuta, «sekula ere ez dugu halakorik esan» erantzun digu Ekorako musikariak.
Hogei urte etenik gabe egin ostean, zortzi hilabetez herrian, Ekoran, izan da atsedena hartzen Etxezarreta. «Ez genuen diskoa aurten ateratzeko presiorik, sortzen pasa dut denbora hau baina atsedenak horretara eraman nauelako. Ez balitz diskorik izan, Madrilera eta Bartzelonara horrela joango ginateke, BEC 2.0 bat egin eta kito. Baina atsedena konposatzea da niretzat, terapia moduko bat, eta, azken bi urte hauek emozionalki oso indartsuak izan direnez, oso azkar etorri den disko bat dugu esku artean», kontatu digu Etxezarretak.
Arabako Errioxako musikaria une profesional oso onak bizitzen ari den arren, «une pertsonal oso gogorrak» izan direla aitortu digu eta diskoa kontraste horien isla izango dela ere bai. Madril eta Bartzelonako emanaldiak prestatu gabe dituztela aipatu du, diskoaren mesedetan lanean aritu delako: «Hiru urte pasa dira konposatu gabe eta beharra nuen. Proiektuak, handitzen direnean, enpresa bilakatzen dira eta neure burua kudeatzaile moduan ikusi dut une askotan. Hortaz, behar izan ditut hilabete hauek ulertzeko zergatik nagoen hemen. Batzuetan sufrimendua plazera baino handiagoa da eta horretaz hilabete hauetan konturatu naiz. Hortaz, datorren urteko kontzertuak albo batera uzteko eskatu nion lantaldeari disko on bat prestatzeko. Gero erabakiko dugu nola txertatu disko hori Madrilen eta Bartzelonan, hor izango baitira lan honen aurkezpen kontzertu bakarrak. Hortaz, geratzen diren bost hilabete hauetan badakigu zein norabidetan behar dugun lan egin».
INDUSTRIA ULERTZEA
Diskoa orain kaleratzea Durangoko Azokari begira egindako hautua izan ote den galdetu diogu Etxezarretari, ea azeleragailua sakatu duten abenduko hitzordura iristeko eta baietz esan digu. «Azken asteetan pixka bat bai, nahiz eta komertzialki momentu honetan ez daukagun beharrik disko berri bat kaleratzeko. Madril eta Bartzelona kasik salduta daude. Baina behar nuen zerbait da, sortzaile bezala nire bizitza barruan sentitzen nuenarekin bat egin gabe zihoala sentitzen hasi nintzen. Hala, oso disko pertsonala da eta industria honetan hobeto sentitzeko sortu dut. Baina, aldi berean, otsailean edo martxoan kaleratzeko asmoa bazen ere, dena oso azkar zihoala ikusita, Durangora iristeko nahia sortu zen. Geroz eta disko gutxiago saltzen diren arren, artistok badugu handikeria puntu hori eta gustatzen zaigu maitatuak sentitzea. Sareetan zenbakiak baino ez dituzu ikusten, baina Durangon begietara begiratzen diozu jendeari eta hor ikusten duzu benetan sortzen duzun inpaktua», azaldu du Etxezarretak.
Nazioarteko ekoizleekin aritu da Zurbaoko pabiloian azaroaren 30ean aurkeztuko duen “Konkista” diskoa lantzen. Nabalez kolonbiarra da horietako bat eta Miamin (AEB) egon zen Etxezarreta lau egunez lanean gero elkarrekin Ekoran diskoari errematea jartzeko. Entzunaldi festak badu zerbait exotikoa, beraz, eta sarrerak gaur jarriko dira eskuratzeko moduan hiru euroren truke.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
