GARA
GASTEIZ

Euskara erabiltzeak hizkuntza eskakizuna egiaztatzeko balioko du

Lakuak EAEko sektore publikoan euskarazko hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko bi bide berri arautu ditu: lanean erabiltzeagatik euskara egiaztatzea eta lanposturako hautaketa prozesu batera aurkeztea.

Ibone Bengoetxea, Getariako ekitaldi batean.
Ibone Bengoetxea, Getariako ekitaldi batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan euskarazko hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko bi bide berri arautu ditu Lakuak. Atzo argitaratu zuen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2025eko azaroaren 4ko Agindua, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak sinatua. Bi modalitate berri horiek lehendik dauden bideei gehitzen zaizkie —IVAPeko azterketak gainditzea, beste titulu ofizial batzuk baliozkotzea (HABE, Hizkuntza Eskola Ofizialak, unibertsitateak, eta abar) eta salbuetsita geratzea ikasketak euskaraz egiteagatik—, era horretan aukerak zabaltzeko eta administrazio publikoan hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko prozesua errazteko.

Ibone Bengoetxea lehendakariordeak nabarmendu zuenez, orain bi bide ireki dituzte, «errazak, malguak eta errealitatearekin bat datozenak, euskararen ezagutza egiaztatzeko». Horrela, lanean erabiltzeagatik euskara egiaztatu ahal izango da. Beste bidea sektore publikoan lanpostu bat lortzeko hautaketa prozesu batera aurkeztea da. Probek euskara hutsean izan behar dute, eta prozesu hori gainditu egin behar da.

UGT eta CCOO sindikatuetako buruzagien iritziz, bi proposamenek «euskararen inguruko adostasun historikoa hautsi dezakete»; halaber, «enplegu publikoa izateko eta mantentzeko eskubidearen eta administrazioan euskaraz artatua izateko eskubidearen arteko oreka» defendatu dute.

UGTk normalizazio prozesu «espres» eta «bidegabetzat» jo du.