GARA
IRUÑEA

Nafarroan lortutako akordio fiskala arbuiatu du ELAk

ELAk txosten bat aurkeztu zuen atzo, Nafarroako politika fiskala aztertu, Nafarroako Gobernuaren (PSN, Geroa Bai eta Contigo Zurekin) eta EH Bilduren artean lortutako akordio fiskala gogor kritikatu eta sindikatuaren proposamenak biltzen dituena.

Akordioak enpresa handiei zergak murrizten dizkiela salatu zuten. Zehazki, sozietateen gaineko zergaren tasa nominala %28tik %25era jaitsi dute, betiere enpresek enpleguari, ezbehar tasari edo berdintasun planei dagozkien baldintzak betetzen badituzte. «Erraz bete daitezkeen baldintzak dira, eta, beraz, enpresa handi gehienek gutxiago ordainduko dute sozietateen gaineko zergan», azaldu zuten ELAtik.

PFEZren inguruko neurriei dagokienez, sindikatuak positibotzat jotzen du errenta baxuenen gaineko presio fiskala arintzea, «baina neurri horrekin batera errenta altuei eta kapitalari zergak igo beharko litzaizkieke, hain zuzen ere akordio honetan gertatzen denaren kontrakoa». Kenkari fiskalak 15.400 eurorainoko alarguntasun eta erretiro pentsioei aplikatzeari dagokienez, ELAk uste du «oso irismen mugatua» izan dezakeela.

ELAren ustez, «ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituen anbizio handiko zerga erreforma abiatzea; horretarako, ezinbestekoa da enpresek zerga gehiago ordaintzea».